Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Pegasuseko desengainua

2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Albistea argitaratu bezain laster jaso dut Whatsappeko mezua. Lagun on batek bere desengainuaren berri eman dit, ez baitu nire izenaren arrastorik aurkitu Pegasus zerrendan. Txantxetan ari da, noski, biok ala biok jakin baitakigu z profilekoa naizela. Esanen nuke Twitterrera edo Facebookera oporretako argazkiak igotzea dela nire ekintzarik subertsiboena; hortaz, baten batek aisialdia zertan ematen dudan kuxkuxeatzeko asmorik izanen balu, sare sozialetara jotzea besterik ez luke egin beharko. Nik dakidala, oraindik ez dut CNIren like edo bihotz ikonorik jaso.

Originaltasunik ezaren erakusle, broma plagiatu dut eta dezepzioa Telegramez jakinarazi diot Kataluniako beste adiskide min bati. Aplikazio errusiarra seguruagoa zela uste nuen lehen, orain ez nago horren ziur, baina tira, bidali egin diot mezua. Txantxak alde batera utzita, bere izen-deiturak Pegasusgaten agertu ez izanak harritu egin nau benetan; batez ere, aspaldi irakurgai daudelako haren gaineko datuak eta telefonoko solasaldiak —direnak eta ez direnak— elkarte armatu ezagun baten paperetan, baita Madrilgo berri-paper zaharkitu baten orrietan ere.

Barre algara ozen birtuala egin dugun arren —emotikonoek hartu dute sakelakoaren pantaila—, kutsu garratza sumatu diet lagunaren geroko erantzunei. Hark dio zalaparta handiegia sortu dela kontu horrengatik, ongi ezaguna baitzen Anaia Handiak horrelako jarduerak egiten ohi zituela. Zirikatzeko, esan diot gero eta gertuago dagoela z profiletik. Emotikono gehiago.

Lagunak arrazoia du hein batean. Nekez harrituko du inor estatuaren jarduera ez dakit ilegal, alegal edo legal horrek —zalantzarik ez dut bidegabea dela—. Azken finean, garai batean talde paramilitarrak eratu eta, berdin da zenbat urte eta gobernu pasatu diren, horien sortzaileak babestu dituen estatu beretik dator. Pegasusek ez gaitu harrituko, amorratu eta desengainatu bai, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.