Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Nafarroa hustua

2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ikusgarria da Zaraitzu harana. Iruñetik ordubete pasatxoko bidea eginda, ostiral arratsaldean Itzaltzura ailegatu ginen lasaitasunaren bila —ados, Iruñea ez da New York, baina euskaldunen hiri buruzagian ere bizimoduak ito gaitzake—, eta gure helburua betetzeko lagun, ezin hobeki hartu gaituzte ostatuan Maitek eta Maurik.

Atsedenaldiari epikotasun tanta bat gehitzeko erabakia hartuta, Gartxoten ibilbidea osatu dugu Pirinioetako mendien barna. Paseo zinez ederra. Behin ikusita zer kobazulo estuan gorde zen Erdi Aroko bardoa, gure estresa hutsaren hurrengoa dela pentsatu dugu. Kontua atera dut eta, milaren gora, milaren behera, hogei segundoz ibili dugu buruan zentzugabeko gogoeta: bakoitza bere mailan, estutasunak estutasun dira, leizean, pisuan edo bulegoan.

Kondairaren arabera, XII. mendean herritik alde egin behar izan zuen Gartxotek Mikelot semearekin, abadearen eta jauntxoaren soldaduek harrapa ez zitzaten; egun, bailarako biztanle asko ere ihesi dabiltza, etorkizun grisaren atzaparretatik askatzeko beharretan. Gazteek nahitaez Iruñera joan behar izaten dute ikastera, eta horietako asko ez dira sorlekura itzuliko ikasketak bukatu ondoren. Ulertzekoa da, paraje ezin ederragoak aparte, ezer gutxi eskaintzen baitie eskualdeak. Badago joera aldatzerik? Zerbitzu faltak eta kultur zein lan eskaintza txikiak ekarri dute Pirinioetako eskualdearen despopulazioa, eta antzeko gertatzen da Zangozan, Lizarraldean eta Larraun-Leitzaldean. Nafarroako udalerrien %60 baino gehiago daude despopulazio-arriskuan.

Nazio Batuen Erakundeko Biztanleria Sailaren datuen arabera, urtero 60 milioi pertsonak ihes egiten dute landa eremuko etxe, etxola eta txaboletatik hirietara mugitzeko, egunean 165.000 lagunek. Barne migrazio gehienak Afrikan eta Asian gertatzen diren arren, Europan ere hedatzen da fenomenoa. Hirietatik kanpo, itogarria izan daiteke bizimodua espazio zabaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.