nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Buruila

2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herria, 1991ko iraila. Johañe, Laida, Pantxika, Maialen, Txomin eta Maiderrek urduri hartu dute eskolarako bidea: lehen aldiz gurutzatuko dute Bunuzeko Intxauseta etxeko ataria. Gurasoen urduritasuna, ikararen eta estasiaren arteko mugetan dabil dantzan, errusiar mendi batean nola. Zerbait sortu dute ezer ez zegoen tokian: Oztibarreko ikastola. «Ohartuak gintxun euskara gero eta gutiago entzuten zela, bereziki telebista zen etxeetan, eta gibelerat abian zuxun euskara», dio Beñatek, ikastola sortu zuen gurasoetako batek. «Seaskari idatzi gintxin erranez sei haurrekin abiatzen ginuela. Eta Martta Lako izanen zela gure andereñoa». Seaskakoek hala erantzun omen zieten: «Baina uste dute hola pasatzen dela?».

Galdera horren erantzuna,askotan gertatzen den bezala, denborak eman du. Familien eta langileen inplikazio eta eskulanari esker 42 ikasle ditu egun Oztibarreko ikastolak Larzabalen;42 ikasle, hiru andereño eta bi langile. Eta familiak. Beraiek garbi dute elkarlanak duela ikastola biziarazten. Hala erakutsi ziguten Maider eta Peiok Zarauzko hamar bat familiari harrera goxoa egin zigutenean, hala Jenofak eta Sylviek kasik agurtu aurretik aterpetxeko sukaldea jaki gozoz bete zigutenean. Familia hitzaren zentzua irauli eta birsortu ziguten eta, lehen aldiz, gertuago sentitu nuen Donaixti Jaka baino.

Duela egun batzuk irakurri nuen Iparraldeko gero eta ikasle gehiago datozela Hego Euskal Herriko unibertsitateetara euskaraz ikasten jarraitzeko. Berri pozgarria da, inola ere. Baina, eskatzen hasita, etorkizuna irudikatzen hasita, benetan pozgarria litzaidakeen titularrak beste itxura bat luke: Hegoaldeko gero eta ikasle gehiago joaten da Ipar Euskal Herriko unibertsitateetara euskaraz ikasten jarraitu dezakeelako.

Halakorik gertatzen bada, larunbatean bere 30 urteen festa ospatuko duen Oztibarreko ikastolak —ere— bultzatuko duelako izango da. Bide on eta urtebetetze on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.