Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Arrautzak

2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Arratsalde batzuetan osteratxoak egiten ditut hirian barrena. Gustatzen zait ibiltzea, besteak beste, burua argitzen didalako, eta hiriaren mugarrietara ailegatzeko modua ematen didalako. Horietako batzuetan hiriko turismo gune garrantzitsuetatik pasatu ohi naiz. Izugarria da zenbat jende dabilen: argazkiak egiten, bisita gidatuetan, egonean gozatzen... Eta hantxe aurkitu genituen gazte bi, gizonezkoak. Ozta-ozta 20 urte izango zituzten. Irribarretsu zeuden, zoriontsu ere esan liteke. Batek eskuetan arrautzetarako erabiltzen den kartoizko kutxa horietako bat zuen; bestea, aldiz, mela-mela eginda zegoen eta, arrautza eskuetan, irribarretsu hurbiltzen zen jendearengana. Guregana ere etorri zen. «Euro baten truke arrautza bat bota nahi didazue? Ikasketa bidaiarako dirua batzen ari gara eta nahi baduzue arrautza bat salduko dizut bota diezadazuen». Niri atoan etorri zitzaidan aspaldiko kantua: «...gaurko paseoan arrautz bat pinu batean/ txorakeri bat dirudi bainan guztiz egia da...». Ezezkoa esan nion gazteari, baina izan nuen borborka, burutik ezin kendu ibili bainintzen ordu askoan.

Zenbat arrautza bota behar diote norberari ikasketa bidaia bat ordaintzeko, demagun, Erromara edo Saloura? Inflazio garaian patata tortilla egiteko erabili baino batzuek nahiago dute besteek umilia ditzaten, eta gogorrak egin zitzaizkidan gauza biak: batetik, janaria xahutzeko joera ulertezina; eta bestetik, umiliazioarena. Zer izango da hurrengoa? Akordura etorri zitzaizkidan patata tortillak saltzen genituen garaiak, edo beti gorrotatu izan ditudan zozketa paperak, edota kartoiak batu eta birziklatze lantegira eramaten genituenekoak. Gauzak aldatu dira, konpai. Balioak ere aldatu ei dira. Orain birjintasuna ere salgai aurki zenezake sarean, eta beti egongo da erosleren bat, edo arrautza botatzeko gogoa duen edozein.

Pasatzerakoan, bi arrautza kraskaturik zeuden lurrean; ordubeteren ostean, itzulerakoan, berriz, lau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.