Blanca Urgell
LARREPETIT

Jose Luis Saenz de Ugarte gogoan

2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Domu Santuru bezperan eta egunean, badakizue: txioerria hezurrez lepo. Halako batean Anuntzetako elizan gorde diren San Bizente martiri delakoaren erlikien argazkia ikusi dut, eta zapuztu naiz pixka bat. Argazkia ederra da, eta bertan ustezko martiriaren gorpuaren edo eskeletoaren gerritik gorakoa aski ongi ikusten da, bitxiz eta oihal ederrez estalia. Halere, iruditu zait doanari, argazkia ikusiz gero, ezinezkoa izango zaiola neuk Bujandako San Faustoren momia zoragarria zer-nolakoa den jakin gabe aurrenekoz ikusi nuenean izan nuen bihozkada.

Ulertzen dut eta ez dut ulertzen. Argazkiari baietz esango nioke, bai eta ezetz ere. Dena aldi berean. Ez dira egun errazak. Haserrea gainditzen zait, etsipena ere bai aldizka, adinean aurrera joan ahala inguruko mundua desagertuz eta galduz doanean. Kandela piztu dut neure hildakoen izenean, ea haren argiak haserre-haize hauek berekin daramatzan, herenegun zendu zen Jose Luis Saenz de Ugarte (1933-2022) aita zenaren lagun minarengatik ere bai. Alea aldizkariak ederki laburbildu ditu haren meritu nabarmenak, Arabako eta Gasteizko historiari, margolaritzari eta musikari buruzko haren ezagutza aparta batik bat, hainbat artikulu eta liburutan agerian utzia.

Nik hemen hurrengo belaunaldi honen oroimenaren tanta batzuk utzi nahi nituzke, jadanik ez haserrez, baizik eta goxoz. Jose Luis argazkiak hiru familiak osatzen genuen taldeari ateratzen, ume urduriok ere zain, berak enkuadrea eta argia ondo zeudela egiaztatu bitartean. Jose Luis txistu-danbolinak jotzen San Adriango tunelean, berriz bertaratu izanaren garrantzia azpimarratu eta omendu nahiz. Jose Luis lagunei paper bana uzten mahaian Arabako istorioren batekin edo kantuekin. Eta amari idazki bat oparitzen, aita zena berarentzat izan zen adiskidea jasotzen duena. Joan zara mundutik, baina ez gogotik, eta ez bihotzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.