Blanca Urgell
LARREPETIT

Mania txarrak

2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Abenduko oporrak neure burua antolatzeko erabiltzen ditut. Mahai gainean daude udazkenean kudeatu ezin izan ditudan fakturak multzo irristakor eta kezkagarri batean. Ez da hil ala bizikoa denak argi apuntaturik izatea, hondamendi handirik sortu gabe suntsi nitzake, ez dut haiengatik porrot egingo gaur arte ez badut egin, baina halako bake bat ematen dit kudeatzeak, ordenatzeak eta, finean, zakarretara botatzeak.

Apal batean ditut Euskararen Historia I irakasgaian erabili ditudan paperak: eskemak, egunean eguneko oharrak, nire eskuliburuko bertsioak, inoren artikuluak, ikasleekiko zerak. Batzuek bete dute beren egitekoa; besteak denbora hobeagoren zain gelditu dira, noiz erabiliko. Ziurrenik hobe nuke dena bota eta zerotik hasiko banintz, baina nire DNAren aurka lihoake. Egia esanda ere, ez da hil ala bizikoa zein bere lekura joatea, batzuk artxibadorera, bestetzuk zakarrontzira agian, baina badu askapen erritutik zerbait.

Abenduko oporrak, ez naiz honetan ezberdinegia izango, urtearen kontuak kitatzeko erabiltzen ditut. Ahal dena aurrera eramaten da, eta ezin dena 2022ko urtearen zakuan geldituko da noraezean, mahai gainean, apaletan edo psikearen bazterren batean, begiak itxi eta zakarretara bidaltzeko indarrak bildu ezean.

Urtearen zama arintzeko ahalegintxo bat baino ez da. Badakit. Bizitza luzeska honek eragindako goitik beherako eta itzulinguruak menderatzeko ahalegin txipia. Estresaren ondorioak goxatzeko saioa. Entropiarako batzuek daukagun joera demasaren aurka ur bazterrera behin betiko eramango ez nauten plisti-plasta xumeak.

Badakit. Urtarrilaren 9an bertan paper berriak etorriko dira, email berriak, kezka berriak. Zeregin, proposamen eta gonbitak. Ezustekoak. Haatik, ni hala elikatzen naiz, mania alu hauetatik. Xenpelarrek kantatu zuen: Maniya txarrak dauzka / burura iyuak. Zeinek kenduko dagoeneko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.