Ander Perez Argote
LARREPETIT

Urtero

2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ez dakit zenbat Gabon daramatzan etxeko halleko pinuak, baina urtero da urterokoa. Afaldu bitartean entzuten den diskoak ere badu urte purrustada bat, urtean behin bakarrik du entzuna izateko zoria, eta agian horregatik iritsi da hain urrutira. Uste dut Iruñeko orfeoiak grabatutako bat dela, Eguberrietako kantekin. Hirugarren buelta ematera doanean kendu ohi dugu urtero. Mahai gainean argimutil bat izaten da, afaldu aurreko argazkirako pizten dena, eta berriz kendu, gehiegi okupatzen baitu mahaian. Biltzerakoan, mazapanak gelditzen dira beti mantel gaineko erretiluan; inork ez ditu jaten, baina urtero erosi behar dira. ETB1eko Gabon gaueko programan urtetik urtera gutxiago desafinatzen dutela entzuten da urtero mahaiaren bueltan. Urteroko afarian esaten da hobe sartuko dela biharamuneko bazkaria, eta biharamunean berretsi hala dela, urtero. Hurrengorako janari gutxiago jarri beharko dela esaten dugu urtero, eta urtero bukatzen ditugu ospakizunak baterako eta besterako tuperrak betez. Urtero aipatzen da otordu osterako mahai joko berri bat, baina urtero jolasten gara berean. Urtero miatzen ditugu etxeko armairuko kutxak, bezperan, Urtezahar gauerako mozorro bila. Urtero daude jantzi berak.

Urtero ezagutzen dut Gabon zahar gaua lehen aldiz familiarekin ez, baizik eta lagunekin pasako duen norbait. Urtero entzuten dut geroz eta gutxiago direla-eta ospatzeari utzi dioten etxeen berri. Urtero aditzen dut ospakizunerako toki handiago baten bila ari direnen berri, gero eta gehiago izan, eta ezin kabitu dabiltzalako.

Nik ez dakit zenbat urte behar diren urtero esan ahal izateko. Ez dakit noiz den zer ohitura, zer tradizio, zeri huts egitea bihurtu daitekeen sakrilegio. Ez dakit usadioak zenbat aurpegi eta toki aldaketa baimentzen dituen urtetik urtera. Ez dakit guk zeri esango diogun urtero hemendik urte askotara, eta urtero hori oraingo urtero izango ote den, edo beste zerbait, guztiz berria.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.