Blanca Urgell
LARREPETIT

Hostoa joaten

2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hauteskundeen biharamuna ofizialki izendatu gabeko egiazko hausnarketa eguna da. Zuhaitz baten azpian nago, hausnarrean, urdailean gorderik dudan emaitza betekada berriro ahoratuz, osoki murtxikatu arte-edo, Euskaltzaindiak gomendatzen duenez. Kontsolatu nau irratian entzuteak Otegik ere ikusten duela ezin direla Espainiako errealitatea eta Euskal Herrikoa banandu. Nahi bai, agian, noraezean.

Almax eta zuhaitzaren artean, behiak bezala zuhaitza hautatu dut. Zeren eta joan den astean Artolazabali buruz idaztekotan egon bainintzen, baina, esaerak dioenez, arbola iharrean aise egiten da egurra... datozen egunetako jira eta bueltek iharra dirudiena hezetuko ez balute, noski.

Gerizpean nauka, baina ez dirudi ongiaren eta gaizkiaren jakiteko arbola denik, Jauffret Baionako apezpikuak eginarazi zuen dotrinak (1902) dakarren bezala esanik. Stoclet Frieze, biziaren arbolaren adarretan gora eta behera ibil naiteke bake bila, edo Txuvaxiako ikurrina nire pasaportean inprimarazi. Irokesen mitologian, biziaren zuhaitza zeruetan dago, lehen gizakiak bizi ziren lekuan, haurdun bat handik jausi eta itsasoratu zen arte. Dortoka erraldoi batek itotzetik salbaturik, emakumeak mundua haren bizkarrean eratu zuen zuhaitzaren altsuma bertan aldatuz.

Dortoka mugitu eta mundua inarrosi. Zenbat aldiz ez ote den gertatu. Alta, ohitu beharrean desohitu egiten naiz. Espainiako oraingo eskuina lehengoa baino gaiztoagoa, zinikoagoa, gezurtiagoa ez dela neure buruari ezin sinetsarazi (Aznar ez balitz), edo EAJk ez duela Guggenheim Urdaibai lortuko (eta PSEk ez diola lagunduko), edo Bilduri jada ez diodala beldurrik —ejem, errespeturik— izan behar, edo ezkerreko alderdi eta siglek pitokeriak alde batera utzi, eta bizitza hobea emango dietela hain behartuta daudenei. Adinaren kontuak bide dira. Zeren eta gu hasi gara hostoa joaten, arbola zaharrak bezala, Uztapidek ezin hobeto adierazi zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.