Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Aliantzak, giltzarri

2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Nahasmena. Hitz batean esanda horixe da, nire ustez, une honetan planeta osoak bizi duen egoera ongien ilustratzen duen berba. Munduko soziologo, politologo eta analista guztiek zailtasunak dituzte beren azterketak egiteko, egoera oso aldakorra baita. Helduleku irmoak behar dituzte. Ziurgabetasuna, ordea, eremu orotara zabaldu da: lurra labainkor dago eta inguruan zarata larregi.

A28 eta M26an hitzordu garrantzitsuak izango dira Hego Euskal Herrian, Espainiako estatuan eta Europan. Inork ez daki zehatz-mehatz zer gertatuko den. Kanpaina Aste Santuan izanda, are gutxiago. Badira, hala ere, hauteskunde hauek bereizten dituzten bi elementu berri: bi hitzorduen arteko hurbiltasunak sortzen dituen inkognitak eta, bestetik, alderdien artean sortzen ari diren aliantza desberdinak.

Inkognitak. Kongresurako eta Senaturako bozketek izango al dute eraginik hilabete bat geroago egongo diren udal, foru eta europar hauteskundeetan? Ez dakigu. Egoera berria da oso. Betidanik emaitza desberdineko bozak izan dira, baina inoiz ez dira hain jarraian gertatu eta, seguruena, hurbiltasun horrek izango du nolabaiteko eragina. Zaila da pronostiko bat egitea. Joera soziologiko nagusien definizioan zerikusia izango du komunikabide nagusiek ezarriko duten markoak. Ez dezagun ahaztu hemen, Euskal Herrian, agenda markatzen duten hedabideak pentsamoldez edota sorlekuz zentralistak diren komunikabideak direla.

Kontu jakina da hauteskunde orokorretan ardatz traktoreak Espainiako alderdiak direla. 2016an Podemos eta bere koalizio-kideek irabazi zuten EAEn. Ondoren eta hurrenkera honetan EAJ, PSE, EH Bildu eta PP geratu ziren. Nafarroan, berriz, UPN/PPk irabazi zituen bozak. Ondoren, Podemos, PSN eta EH Bildu kokatu ziren. Koalizio morea ez dago bere onenean eta ez dirudi emaitza horiek errepikatuko dituenik. Bestetik, Espainiako politikagintzan bizi den polarizazio gordinak uste baino eragin handiagoa izan dezake gurean ere. Jokalekua markatuta dator. Alde batean, hiru eskuin totalitarioen oldarraldi hitsa; beste aldean, Pedro Sanchezek bere erresistentziaren epika hauspotuko du boto erabilgarria bereganatzeko. Ingurumari horretan, nola lortuko dute Euskal Herrian ardatza duten indarrek polarizazio horretatik ihes egin eta beren hautua ere boto erabilgarria dela erakustea? Inkognita askatzeko bidean lagungarri gerta daiteke EAJ eta EH Bildu, bakoitzak bere aldetik, asteotan zirriborratzen ari diren aliantzen estrategia aztertzea.

Aliantzak. Objektiboki aztertuta gaur egun argien eta ongien daukana EH Bildu da. Kongresurako eta europarretarako ERC eta beste talde txikiagorekin koalizio politikoa osatuko du. Inkesta guztien arabera, ERC gorabidean datorren indarra da, planteamendu sendoak ditu eta programa argia. Seguru asko horrexek bermatu/ handituko du EH Bilduren presentzia Europan eta Madrilen. Ez hori bakarrik, litekeena da Madrilgo kongresuan ERC/Bilduren taldea erabakigarri izatea Espainiako presidentea hautatzeko.

Puigdemont faktorea. Urkulluk ez du begiko erbesteko president-a. Nabarmen gelditu da aste honetan lehendakariak Gorenean egindako adierazpenen karira bien artean lehertu den ika-mikarekin. Alonsotegikoari bisaia antzaldatzen zaio Gironakoaren berri duen bakoitzean. Ez du soportatzen. Estrategia desberdinak izateaz aparte, aldarte kontu bat dago atzean eta hori garesti atera dakioke EAJri. Izan ere, PdCat-ekin ez badoaz jeltzaleek Europan duten jarlekua gal lezakete eta, agian, baita Madrilen, karanbola aritmetikoaren erruz, orain arte izan duten pribilegiozko posizioa ere.

GED Gure Esku Dago mugimenduak hitzordu garrantzitsua dauka martxoaren 31n Euskaldunan. Leloa: Egin dezagun bidea. Ezer segurua ez denean, dena da posible. Gogoeta aproposa bizi dugun egoera ilustratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.