Libiako gerrako bi aldeak berriz saiatuko dira menia negoziatzen

Negoziazioei begira, NBEk «etsaikeria eteteko» eskatu die Haftarri eta Al-Serraji. Ekialdeko buruzagi militarrak herri bat berreskuratu du

Fayez al-Serraj GNAren burua, iragan otsailean, Genevan. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarra eta Fayez al-Serraj buru duen GNA Batasun Nazionaleko Gobernua berriz elkartuko dira mahai beraren inguruan, herrialde horretarako su-eten bat negoziatzeko, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Libiarako misioak atzo jakinarazi zuenez: «Misioak espero du aldeen erantzunak etsaikeria etengo duela, baita gorroto diskurtsoaren gutxituko ere, estatuak bere erakundeak berreskura ditzan».

Bi aldeek iragan urtarrilean egin zuten azken saiakera, Moskun, baina Haftar Errusiak eta Turkiak proposaturiko menia iraunkorrari baiezkoa eman gabe atera zen hitzordutik. Egun hartan, ekialdeko buruzagi militarrak Facebook sare sozialean idatzi zuen borrokan jarraituko zutela «garaipena eskuratu arte», baina hilabeteotan ez dute aurrera egiterik lortu; are, atzera egin dute, Turkiak GNAren aliatu diren miliziei emandako babesarengatik. Egoera militarrak inoiz baino blokeatuagoa dirudi, eta, testuinguru horretan, su-eten bat finkatzeko negoziazioek arrakasta izateko aukera gehiago izan dezakete. Oraingoz, ez dute hizketan hasteko dataren berri eman, baina ados jarri dira taldeen inguruan: alde bakoitzak bost negoziatzaile bidaliko ditu mahaira.

Negoziazioak bideo bidezkoak izango dira, pandemiak bultzatuta, baina NBEk Genevan egindako hizketen antzekoak sustatuko ditu egoerak hori egiteko aukera ematen duenean.

Hurrengo hizketa sortarako, nazioarteko potentziei begira ere jarri zen negoziazioen sustatzailea, eta prentsa oharraren bidez eskatu zien iragan urtarril amaieran Berlinen egindako konferentzian negoziaturikoa errespeta dezatela, batez ere armen bahitzea eta zuzeneko edo zeharkako babes militarra amaitzea. Hitzordu horretako itunaren sinatzaileen artean daude Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea—GNAren aliatua— eta Vladimir Putin Errusiako presidentea—ekialdeko buruzagi militarrarena—.

Negoziazio horiei buruzko albistea plazaratu aurretik, Haftar buru duen Libiako Armada Nazionalak jakinarazi zuen Al-Asaba herriaren kontrola berreskuratu zuela; orain arte, bi aldeek herri hori erabili dute droneak bidaltzeko, eta horregatik jotzen da garrantzitsutzat. Gainera, garaipen horrekin, Ghariyanetik hamabost bat kilometrora geratu dira, hori baita Haftarren beste helburuetako bat, herrialdearen ipar-mendebaldean, Tripolitik 95 bat kilometrora.

Ekialdeko buruzagi militarraren indarrek atzera egin dute hiriburua bereganatzeko helburuan —iazko apirilean hasi zuten erasoaldia—, baina egunotan egoera iraultzeko asmoa erakutsi dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.