Turkiak Egiptorekiko harremanak normalizatzeko kontaktuak hasi ditu

Bi herrialdeen arteko lankidetza erabat izoztuta zegoen Al-Sisiren 2013ko estatu kolpetik

Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroa, artxiboko irudi batean. ERRUSIAKO ATZERRI MINISTERIOAREN PRENTSA ZERBITZUA / EFE.
ander perez zala
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Turkiak Egiptorekin duen harremana bideratu nahi du, ia zortzi urteko etenaldiaren ostean. Ankarak jakinarazi du berriz abiatu dituela bi herrialdeen arteko kontaktuak, «maila diplomatikoan», eta, horiek normalizatzeko urteak beharko dituztela aitortu duen arren, agerian utzi du nazioarteko gertakariek beharrezko bilakatu dutela iragan hamarkadaren hasierako egoerara itzultzea.

Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroaren arabera, kontaktuak «inteligentzia eta atzerri mailan» abiarazi dituzte berriz, eta Egiptok baieztatu egin du lankidetza ekonomikoa eta politikoa berreskuratzeko hitzordu bat finkatzeaz aritu dela Mediterraneoaz beste aldeko bizilagunarekin, nahiz eta oraindik erantzunik eman ez dion; «laster» emango lioke erabakiaren berri.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere berretsi du albistea, eta zehaztu du hartu-emanak ez direla izan «maila gorenekoak, baina bai maila horren azpikoak». Hala, agintariak espero du hasi berri den prozesuan sakontzen jarraitu ahalko dutela, «modu askoz ere sendoagoan».

Bi estatuen arteko harremanak erabat izoztuta zeuden 2013tik, Abdel Fatah al-Sisi buru zuen estatu kolpeak Turkiaren aliatu Anaia Musulmanak Egiptoko agintetik bota zituenetik. Horri gehitu egin zitzaizkion Libian eta Sirian bi herrialdeek dituzten interes askotan kontrajarriak, Mediterraneo ekialdean itsas mugen inguruan izandako zalaparta eta Saudi Arabiak eta haren aliatuek —tartean Egipto— Qatar bakartzeko izan duten politika.

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente bilakatzeak, ordea, erreakzio kate bat eragin du Ekialde Hurbilean, eta Turkiak ez du geratu nahi eskualde horretako harreman eta indar oreka berrietatik kanpo; are gutxiago orain, Libiako eta Siriako gerrak amaitzear egon daitezkeela eta Mediterraneoko ariketa militarrak eta mugimenduak aldeko izan ditzakeela.

Kasurako, Egiptok iragan hilabetean eremu horretan gasa eta petrolioa bilatzeko iragarri zuen plana, Turkiaren itsas eremua errespetatzen duena. Ankarak mezu positibotzat hartu zuen hori aintzat hartu izana, baita ostera herrialde horrek Greziarekin auzi beraz egindako akordioa ere, erabaki bera islatzen duena. Hain justu, Turkiak gatazka diplomatikoa du Atenasekin Mediterraneo ekialdean, Zipretik gertu aurkituriko gas hobiengatik eta bien itsas eremuen arteko mugengatik.

Çavusogluk aitortu bezala, harreman diplomatikoak normalizatzeko zeregina ez da erraza izango, duela gutxi Egiptoko Atzerri ministro Sameh Xukryk adierazi baitzuen Arabiar Liga Turkiaren Libiako, Siriako eta Irakeko esku hartzeen kontra dagoela, «erabat».

Arabiar estatuak

Egiptorekiko harremanak normalizatzeko asmoa estrategia zabalago baten parte dela ere azaldu zuen Turkiako Atzerri ministroak, Ekialde Hurbileko estatu arabiarrekin kontaktu hobeak izateko helburua jarri baitute.

Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek «pauso positiboak» emango balituzte, Ankarak modu berean erantzungo luke, batez ere azkenaldiko tentsioak baretze aldera. «Ez dugu gehiago borrokatu nahi», Çavusogluren arabera.

Riaden kasuan, Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketa izan da bi herrialdeen arteko azken gatazka iturria; Abu Dhabirenean, Libiako gerran dituzten interes kontrajarriak, batak mendebaldean egoitza duen Batasun Nazionaleko Gobernua babestu baitu, eta besteak, ekialdeko parlamentua eta Khalifa Haftar buruzagi militarraren indarrak.

Etxean egoera ekonomikoa okertuz joan den bitartean, Erdoganek handitu egin du bere herrialdearen influentzia eta inplikazioa atzerriko hainbat auzi eta gatazkatan; izan ere, gainontzeko estatuei begira, kontuan hartu beharreko potentziatzat definitu nahi du Turkia. Testuinguru horretan egin du, hortaz, harremanak hobetzeko apustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.