Libian gizateriaren kontrako delituak egin dituzte 2016tik, NBEren arabera

Nazioarteko erakunde horrek gerrako alde guztiei egotzi die zibilen kontrako gerra krimenak egitea

Libiarako Ikerketa Misioaren buruzagi Mohamed Auajjarr, atzo, Genevan (Suitza), Libiari buruzko ikerketaren berri ematen. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hilketak, torturak, epaiz kanpoko exekuzioak, bortxaketak, esklabotza eta gerra krimenak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, horiek dira 2016tik hona Libiako gerran alde guztiek egin dituzten gizateriaren kontrako krimenetako batzuk, batez ere Europara bidean zihoazen migratzaileen eta espetxean zeuden atxilotuen kontra.

Iragan udatik, NBEren talde batek milaka dokumentu aztertu, 150 lagun baino gehiago elkarrizketatu eta Libian, Tunisian eta Italian ikerketa lanak egin ditu, giza eskubideen ustezko urraketak zehazte aldera. Frogak bilduta, atzo aurkeztu zituen lan horien ondorioak: «Gure ikerketek finkatu dute gatazkako alde guztiek urratu dutela nazioarteko zuzenbide humanitarioa; batez ere proportzionaltasun printzipioak, eta zibilak eta gerran parte hartu dutenak desberdindu behar izatea. Hirugarren estatuek, atzerriko borrokalariek eta mertzenarioek ere zerikusia izan dute horretan», azaldu zuen Marokoko Justizia ministro ohi eta Libiarako Ikerketa Misioaren buruzagi Mohamed Auajjarrek.

Zehazki, haren arabera, zibilek «garesti ordaindu» dute urteotan izandako erasoaldietan, eta horren adibidetzat jarri zuen 2019. eta 2020. urteen artean Tripoli hiriburuaren kontra Khalifa Haftar ekialdeko buruzagi militarrak egindako erasoaldia, azkenean arrakastarik izan ez zuena.

«Aire erasoek dozenaka familia hil dituzte. Osasun instalazioen suntsitzeak kalte egin dio osasun arretari, eta pertsonen kontrako minek milaka lagun hil edota elbarritu dituzte», gehitu zuen Auajjarrek, azken bost urteotan gertaturikoaz aritzean.

Ikerketaz arduratu den taldea NBEk sortu zuen iragan udan, eta Afrika iparraldeko herrialde horretan gertaturiko ustezko urraketak argitzeko agindu zion. Aipaturiko krimenez gain, misio horrek haur soldaduen presentziaren, desagerpenen eta «kolektibo zaurgarrien» kontrakojazarpenaren berri ere eman zuen.

Hamar urte, eta bozen zain

Hamar urte dira NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio izan da Libiako gerra. Urte luzeko gatazka militarraren ostean, iragan azaroan eginiko bake elkarrizketetan akordioa lortu zuten elkarren aurka aritu diren bi aldeek, Tripolin egoitza duen Batasun Nazionaleko Gobernuak eta Tobrukeko parlamentuak. Horren bidez, datorren abenduaren 24an presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak egitea adostu zuten.

Itun horretan ere jaso zuten herrialdearentzako gobernu bat finkatzea, eta horren harira izendatu zuten Abdul Hamid Mohammed Dbeibeh Libiako lehen ministro. Hala, iragan martxoan, izendapenari buruzko ustelkeria zantzuak eta hainbat kritika egon ziren arren, diputatu gehienek babesa adierazi zioten Libiako trantsizio gobernuari.

Giza eskubideen urraketei buruzko txostenaren egileek atzo aitortu zuten Libia «egonkorragoa» dela egun, batez ere su-etenari eta batasun gobernua osatu izanari esker, baina, halere, ohartarazi zuten eskubide horien egoera «kezkagarria» dela oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.