Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zertarako idatzi?

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Liburua argitaratu berri du Rachel Jedinakek. Ostegunean Léa Salamék France Inter irrati katean aipatu zion aurki ez dela kontzentrazio esparruetatik pasatu zen inor bizirik geratuko. Eta galdetu zion ea beldurrik ote zuen. Jedinakek esan zion ezetz, ez zuela beldurrik saihetsezina delako belaunaldi jakin bateko jendea hiltzea. Ez dela zela beldur arrastoak uzten dituztelako: filmak, liburuak, elkarrizketak. Eta espero duela horrek beren desagertzea arintzea.

Jedinakek bere liburuan bere haurtzaroa kontatzen du. Gurasoak Auschwitzen hil zirenekoa. Gerra. Zergatik itxaron du 84 urte bete arte? Gerraren ostean ez zietela hitz egiten utzi. Frantzia Erresistenteaz hitz egiten zela baina Jedinaki berari esan ziotela «horretaz ez hitz egin» ala «zortea izan zenuen bizirik atera zinelako». Frantzia erresistentearen ideia indartzen zen. Bigarren gerran gertatutako gainontzekoaz txintik ez: ez kolaborazioez (sozialdemokratenak hasita Vichyko gobernuan), ez paso egin zuen jende gehienaz, ez Gerraren aurretik Espainiako errefuxiatuei emandako tratuaz, ez komunisten, masoien eta juduen kontrako sarraskiaz. «50 urtez isilik egon gara» esan zuen Jedinakek, Jacques Chiracek 1995an onartu zuen arte Frantziako Laugarren Errepublikaren aurrekoek izan zituzten ardurak. Alegia, Pétain eta bere ekipoa existitu zirela.

Gerraren aurreko zoriontasunaz hitz egitean Jedinaki aurpegia aldatzen zaio. Ikusten da bitan zatitu ziotela bizitza. Haurtzaroan Espainiako errefuxiatuen seme-alabekin jolasten zuen, Mussolinirengandik ihes egin zutenekin, bera poloniar errefuxiatu juduen alaba zela. Eta Pétainek Hitlerrekin armistizioa sinatutakoan gainontzeko haurrek ez zutela berarekin gehiago jolastu nahi izan. Amak izar horia josi ziola arropan. Berak izarra arropatik erauzi zuela.

Ez al diren birritan umezurtz Hegoaldeko milaka Jedinak horiek. Libururen bat bai, elkarrizketak, militanteki egindako saiakerak. Baina zenbat film dauzkate 36ko haurrek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.