Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bolintxu

2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez naiz mendizalea. Bizitza osoan begi aurrean izan dut Pagasarri, baina mendiak igotzeari ez diot zentzurik ikusten. Urte amaieran hurrengo urterako egiten diren asmoen zerrenda batean, baina, Pagasarrira igotzea jarri nuen. Lagun mendizale batekin joan nintzen. Bide luzeagoa baina ederragoa hartuko dugu, esan zidan. Zementuzko bidea hartu, eta Pagasarrirantz jo genuen. Zementu bideak sasi osteko bidexka bati egin zion leku. Dagoeneko ez zen porlanezko Bilbo. Basoa zen. Usain eta soinuak osterantzekoak ziren. Zaratotsen aldamenean, arnasa har zitekeen. Hiriak bazuen ihesbidea, arnasgunea. Hau Bilbo da? Galdetu nion. Uste dut barrea sortu zitzaiola kalekume naizen hau basoak liluratuta ikusterakoan. Ura entzuten zen urrunean, ibaia zen, Bolintxu. ibaiari jarraituta, basoan barrurago, hantxe zegoen ur jausi eder-ederra. Bilbotar (edota bilbotartuak) badu nora ihes egin, non arnastu, non bat egin naturarekin. Izugarri gozatu nuen txango harekin (igoerari xarmarik aurkitu ez nion arren).

Duela aste batzuk jakin dut Bolintxu ingurua suntsitu nahi dutela errepide bat egiteko, Super Sur errepidearen hedatzea egiteko. Super Sur errepidea ere ezagutzen dut. Bitan erabili (eta ordaindu) dut; eta beste behin egon naiz, kazetari gisa; errepidea ezagutu genezan eraman gintuzten. Gidari lez, erratu eta barruan nengoela, bakarrik, kilometro batzuk egin nituen. Bakartasun hartan jabetu nintzen zein errepide zen. Bigarrenean, berriz, gaua zen, eta GPSk Santanderretik bueltan bertara sartu ninduen. Orduan ere bakarrik egin nituen zenbait kilometro. Ez dakit Bilbok beste errepide bat behar ote duen. Ziur nago, ordea, zementua nagusi duen hiriak berdegunea ezinbestekoa duela. Laster batean borroka latzenetarikoa klima aldaketak ekarriko digu, eta hiriak etorkizuna izango badu, guk izango badugu, Bolintxu eta bere baso bide ederra ezinbestekoak izango ditu; eta ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.