Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Poz aldrebesa

2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Urte bukaerarekin batera ohikoa izaten da atzera begiratzea eta urteko gertaera nagusien balorazioa egitea. Azterketa eta gogoetaren ondorioz, hainbat rankingek erakusten digute nor izan diren azken 365 egunetako alerik nabarienak hainbat arlotan: film hoberenen —eta txarrenen— sailkapen zerrendak, liburuenak, abestienak, kirolarienak, baita smartphone-enak ere, izaten dira hedabideen eta sare sozialen protagonistak, maiz zer irizpideren arabera sortuak diren ezin asmatu arren. Ez dut horrelako zerrendarik egiteko asmorik, ezta, seguruenik, gaitasunik ere —zerena egin nezake?—, baina aipatu nahi nuke aurten harritu nauen bat: Nafarroako mobilizazio handienen zerrenda.

2018an ohi baino kale-mobilizazio handiagoak izan dira, sei, eta jasotako datuen arabera, lau alderdiko gobernuaren aldekoa izan da Foru Erkidegoko kalea. Altsasuko gazteen atxiloketa salatzeko bi manifestazioak izan dira jendetsuenak, eta jarraian, hurrenez hurren, Manada-ren epaiaren kontrakoa, Martxoaren 8ko manifestazioa eta pentsiodunena; eta oposizioko taldeen euskararen aurkako manifestazioa izan da handienetan txikiena. Onartzen badugu lehenengo bostetan Aldaketaren aldeko nafarrek hartu dutela parte eta seigarrenean Antzinako Erregimenaren zaleek, berria positibotzat har daiteke; ebaluatzailea oposizioaren aldekoa izan ezean, noski. Positiboa bai; baina poztekoa?

Esanen nuke 2018an kalera atera ginen asko nazkatuta gaudela oinarrizko eskubideak eskatu behar izateaz; poztuko ginateke botere judizialak zuzen jokatuko balu, genero-bazterketa desagertuko balitz eta pentsiodunek diru sarrera duina izanen balute. Baldintza horiek beteko balira, nahiz eta mobilizazioen rankingaren lehenengo postua hartu, nahiago nuke hauteskundeen ondorengo urteetan kontserbadore-integrista-elebakarrek kalera atera behar izatea Gobernuaren politikaren aurka. Bide onean gaudelako seinale litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.