LARREPETIT

Oinetakoak baino maizago

Hedoi Etxarte -

2019ko urtarrilak 12
Europan badira (Amurrion bezala) legez kanpoko armekin familia baten etxera 9 milimetroko batez tiro egitea banalizatzen duten politikariak (Ortuzar bezala). Frantzian, adibidez, beti partekatu dute armen erabilera libertinoaren kontzepzioa ehiztarien alderdiak eta Fronte Nazionalak. Biolentzia parapolizialaren banalizazioa eskuin muturraren ezaugarrietako bat da.

Europan badira (Iruñean bezala) hiru arratsaldetan 70 zauritzeko (tartean hiru kazetari) poliziak bidaltzen dituzten gobernuak (Barkosek atera ditu Barcinak inoiz atera zituen baino sadiko gehiago). Manuel Valls Calaisen azal beltzen kontra. Macron Jaka Horien kontra. Legea beti alde eta jende xehearen gorputzez baino ateen pigmentazioaz arduratuago egotea da eskuin muturraren ezaugarrietako bat.

Europan badira (Gasteizen bezala) garraio publikoko gidari arrazista eta kapatizista baten hitzezko biolentzia, militar ohi baten heriotza mehatxu matxista eta autobus bete baten konplizitatearen aurrean arazorik ikusten ez duten alkateak (Urtaran bezala). Zapalkuntzaren normaltasuna (boteretsuak ala edukiontziak zapaltzen ez diren artean) da eskuin muturraren ezaugarrietako bat.

AfD deitzen da batzuetan, ala VOX. Rivera ala Salvini. Hegoaldeko eskuin autoritario jozalea ere horretan ari da. Pentsatu globalki eta ekin lokalki. Abascalek putzak etorkinez, Beloquik Iruñerriko okupez. Estigmatizazioa da pertsekuzio politikoaren lehenengo pausoa: «Irribartsu dabilenak ez du oraindik/ berri lazgarria jaso».

Jada, larriena ez da garai ilun hau. Da ez diogula eusko mutur honi behar zuen determinazioz eta populazioz erantzun ez astelehenean, ezta asteazkenean ere: ez zaigu larria iruditzen, antza. Gaude zain demokrata epelena batuko litzatekeen Sareren manifara joango ote diren. Egiten diegu klisk haiekin gobernatzeko. Autoritarioei. Kolpatzen gaituztenei. Etxeko abere jipoizaleei. Jabetu gabe lemazaina ez dela Agirre ala Ibarretxe, baizik eta Ajuriagerra eta Imaz: neoliberalismoa ziklo autoritarioan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna