maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ordu txikitan

2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Ostikoz bota zioten atea, joan den asteartean, goizaldeko ordu txikietan. Nafarroako Foruzaingoko eta Espainiako Poliziako kideak ziren deitu gabe zihoazenak, oihuka mintzoka. Eta zer nahi zuten? Ustez: Rozalejoko markesaren jauregiko segurtasun baldintzak behatzea. Egiaz: Maravillas gaztetxeko kideei ateak itxi eta hilabeteotan guztiotan eraikitakoa bi egunez suntsitzea.

Gaztetxea ixtea nahikoa ez, eta Iruñeko Alde Zaharra setiatuta eduki dute azken egunotan, gerla egoera bat balitz bezala. Balitz bezala? Gure begiez eta herri komunikabideen irudiei esker ikusi ahal izan ditugu polizia tropak alde zaharrean patruilatzen, kaskoz, borraz eta gomazko pilotak botatzeko eskopetaz armaturik (foam-ezkoak izanen ziren akaso, baina hori bada zuzenean aurpegira tiro egiteko aitzakia...).

Donostiako Alde Zaharreko Kijera gaztetxea hustera ere goizeko ordu txikitan bidaliko dituzte ertzainak, segur aski. Bidal zitzakeen bi kasuetan EAJk, eta, bidaltzekotan, egun argiz ere. Baina, ez: zertarako eman aurpegia, gauez joatearen terrorea zabaltzeko aukera izanez gero? Ordu txikitan joateak erran nahi baitu egunotan guztiotan gazte ugarik ezinen dutela lasai lo egin; batzuek, are, gaztetxean pasatuko dituztela gauak, autogestioz eraiki duten proiektuaren zaintzan; sakelako telefonoak ezinen ditugula itzali ezta kazetariok ere, badaezpada; eta iluntasunean egin beharko dietela aurre hurbiltzea lortzen duten herritarrek lehendabiziko kolpeei; jendea babesa ematera iristen den arte.

Duela ez hainbertze euskal gazte independentistak ordu txikitan atxilotzen —eta ondotik torturatzen— zituztenekoa ekarri dit gogora egunotako argazkiak. Horien bila ere ordu txikitan joan ohi ziren, eta, gerora ikusi denez, lotarako arazoak dituzte horietako anitzek ordutik. Barne kontseilu horietako kidea banintz, bi aldiz pentsatuko nuke: etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.