Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Deus gertatu izan ez balitz bezala

2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Sobera ezaguna da, Nafarroan behintzat, 1978ko uztailaren 8ko gertaera: Espainiako poliziak German Rodriguez gaztea hil zuen Iruñeko sanferminetan. 40 urte joan dira eta Estatuak ez du oraindik hilketaren erantzukizuna onartu, eta, hainbatetan bezala, erantzuleak inpunitate osoz bizi izan dira urte horietan guztietan; frankismotik zetozen, trantsizioan mantendu eta monarkia parlamentario eredugarriaren garaian, poltsa ongi betetzeaz gain, demokraziaren ikur bihurtu dira. Esaterako, Rodolfo Martin Villa garai hartako Barne ministroaren jarduerak sari politikoa jaso zuen presidenteorde izendatuta, eta ENDESA enpresa energetiko erraldoiaren goi karguduna izan da urte luzez. Pentsatzekoa da lan hitzarmenak sinatzeko garaian 78an erakutsi zuen bihozgabekeriaz ere arituko zela bere enpresako langileekin. Gizon energetikoa. Nuklearra. Toxikoa.

78ko Sanferminak Gogoan! elkarteak Martin Villaren eta garai hartako poliziaburuen aurkako kereila aurkeztu du aste honetan Nafarroako auzitegian. Egia da zaila dela jakiten noraino iritsiko den kereila, politikari frankista ohia, konstituzionalista sutsua eta enpresaburu arrakastatsua epaitegian ikusiko dugun noizbait, eta hala balitz auskalo zer erabakiko luketen epaileek, gai honen gainean —ere— beltzez jantzitakoek hartutako ebazpenak etsigarriak izan baitira maiz. Halaber, zalantzan dut Historiako gertaera latzak ongi ezagututa ez direla berriz errepikatuko, Historia bera tematu baita behin eta berriz kontrakoa erakusten; izan ere, esanen nuke VOX taldea bultzatu duten askok frankismoaren bidegabekeria ederki ezagutua zutela. Eta, hala ere, zinez pentsatzen dut 78ko Sanferminak Gogoan! elkartekoek abiatu duten ekimena eta antzekoak beharrezkoak eta txalotzekoak direla, egia eta justizia baitituzte helburu. Ezin dugu beste alde batera begiratu deus gertatu izan ez balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.