Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Mamuak

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

Gustuko dut zinemara joatea; ia astero Santi lankide eta lagun onarekin film bat ikusten dut pantaila handian, ahal dela jatorrizko bertsioan. Gehien-gehienetan beldurrezko filmak izaten dira aukeratzen ditugunak, eta nahiz eta maiz gorpuak borborka odolusten eta erraiak beren tokitik ateratzen ikusten ditugun —begirik estaltzen ez dugunean—, niri behintzat hotzikararik handiena sortzen didan irudia oso bestelakoa izaten da, sotilagoa, film askotan erakutsi badigute ere: argazki batean agertzen den aurpegi asaldagarria, bertan izan behar ez zuen izakiarena. Are gehiago argazkia zaharkitua, beste garai batekoa, baldin bada. Bizirik dauden hildakoen zantzuak.

Eskuinak aurreko igandean Madrilen antolatu zuen akelarrearen argazkian agertzeko lehian beso-ukaldiak izan omen ziren politikari batzuen artean; tartean Maroto alkate gasteiztarra aritu zen sutsu, etorkin bati oinarrizko errentari etekina ateratzea eragotzi nahi izan balio bezala. Beste euskal politikari bat, Ana Beltran nafarra, —barka begit euskal hitza egoki joko ez balu— dantzan ikusi genuen irudietan. Kamerak erakartzeko zakarkeriak botatzea baino zerbait gehiago egiten dakiela erakutsi zigun: pasodoblea dantzatzea, alegia. Javier Esparza UPNko buruak, ordea, ez zuen Madrilgo argazkian agertu nahi izan. Harritzekoa da, bere alderdiak manifestazioan parte hartzera deitu zuelako. Agian ez gintuen ikararazi nahi izan bertan izan behar ez zuen baina han zen izakiaren argazkiaz. Edo akaso han ote zen bere espiritua, baina ez gara oraindik ohartu. Asaldatuko ote lirateke PSNko aspaldiko lagunak Madrilgo fotografiaren batean Esparza aurkituko balute?

Nolanahi ere, badirudi pantailatik kalera atera direla argazki ikaragarriak, mamuen irudiak ohiko bihurtu baitira hedabideetan. Kontua da begiak estali behar ote ditugun beldurra saihesteko edo, trantzeari aurre eginda, irekita eta erne mantendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.