Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gezurrak

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Jayson Blair kazetariak, 22 urterekin, lortu zuen gutxik lortzen duena: The New York Times egunkari entzutetsuan lan egitea. Gai oso interesgarriak jorratzen zituen, ausarta zen, eta bere lanak sona handikoak izan ziren. Gazteak berehala eskuratu zituen loria guztiak, eta atoan eraman zuten kazetaritzaren zeruetara. Heroiak behar ditugu, bai. Denak eztanda egin zuen arte. Gezurra zen idatzitako oro. Asmatutakoak: artikulu, erreportaje eta elkarrizketak. Bere lan guztiaren ohorea putzu sakonera istant batean, eta neurri batean, The New York Timesena ere bai. Egunkariak lotsa ahal bezala kudeatu zuen. Barkamena eskatu eta Blairrek egindako gezurrak kaleratu zituen egunkarian luze eta zabal. Kasu honekin gogoratu naizAlemaniako Der Spiegel argitalpen prestigiotsuan lan egiten zuen Claas Relotius-ek egindakoa jakiterakoan. Istorioa antzekoa da. Aparra legez igo zen kazetari gaztea; Alemaniako kazetaritza sari potoloena lau bider irabazitakoa. Artikulu asmatuak, gezurrezko adierazpenak... 60 erreportaje egin zituen eta horietatik 14, gutxienez, faltsuak dira. Horixe da Der Spiegelek esan duena. Aldizkariak ere luze eta zabal adierazi zuen jazotakoa; Sagen was ist (kontatu zer den) azalean jarriz mea culpa aitortu zuen. Gauza batek txunditu nau: 60 gizon-emakumek egiten dute lan Der Spiegel-ek duen Datuen Benetakotasuna frogatzeko sailean. Harritzekoa, sail hori existitzea (eta are gehiago gezurraz jabetu ez izana). Denborarekin lan egiteak dituen abantailak, kazetaritza-slow esaten diote.

Literatura eta kazetaritzaren arteko aldea lausoa da, batzuetan. Fakultatean irakasten dute hori: kazetaritza ez da literatura, eta literatura ez da kazetaritza. Biek kontatzen dute, baina batek fikzioa du oinarri, eta besteak, berriz, errealitatea (batzuetan horrela ez bada ere). Alegia, Jayson Blairrek eta Claas Relotiusek literatura eta kazetaritza nahastu egin zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.