Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Besteen Gernikak

2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Sarean ikusitako argazki bat: aurreko planoan andre bat, edadetua—ile urdinak eta azaleko ximurrek salatzen dutenez—, nabarmen hunkiturik, bi eskuez begi urtsuak igurzten dituela eta ezkerreko eskuarekin, aldi berean, paperezko tutu bati eusten diola. Atzeko planoan, olio mihise bat: kolore itzaliz, gizon bat lurrean etzanda, hilik —buru inguruko orbanak salatzen duenez—, eta bi ume ondoan hari negarrez, bat belauniko eta bestea zutik. Argazkiaren azalpenak dio Amalia Boveda dela andre hunkitua, eta amaren sabelean zelarik tiroz hil ziotela aita faxistek, 1936an.

Alfonso Rodriguez Castelaok pintatu zuen 45ean A derradeira leición do mestre, haren lagun eta burkide Alexandre Bovedaren fusilatzea errepresentatu eta horren bidez nazionalismo galegoa deuseztatzeko ekina salatzeko. Margoa Buenos Aireseko zentro galegotik eraman dute Ourensera zenbait astetarako, eta orduan ikusi eta hunkitu ahal izan da Amalia, eta norbaitek une horretan atera ahal izan du argazkia eta horrela lerrootaraino ekarri bai Castelao, bai galiziar independentismoa, bai hain urrun dituzten eta ditugun ikur horiek. Galiziako Guernica deitu izan diote koadroari. Nork hartzen dituen beretzat sinboloak, zergatik, zer helbururekin. Non gelditu den Castelao, non galdu Boveda, martiri izendapenaz harago non.

Fusilatu aurretik, senideek eta adiskideek agurtu ahal izan zuten intelektual galegoa, eta nonbait esaten da bere azkenetan Rosalia de Castro leitzen aritu zela: «Eta ez nuen negarra atertu/ behin ere, Gaztelatik/ eroan behar izan ninduten arte/ Eroan ninduten, bertan/ ez nintzaten lurperatu behar», dio Castrok Koldo Izagirreren ahotsean. Akabatu zutenetik ez du Bovedaren gorpuak sorterria utzi, nola ez duen negarra atertu, 83 urte iragan eta gero, haren alabak. Tarteko urratsen faltan.

O Groven, Rosalia de Castro eta Alexandre Boveda kaleak elkartu egiten dira, beste behin, bestenon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.