Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Fededunak

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Iraganeko altxorretako bat izan ziren korrespondentziak: orrietan, postaletan, telegrametan atalka idatzitako elkarrizketak. Egia da badela morbosoa besteen solasaldi pribatuak irakurtzea. Baina ez da sinestekoa Sophie Liebknechtek, Walter Benjaminek, Luise Kautskyk, Gershom Scholemek, Adornok edota Rosa Luxemburgek beren korrespondentzia afera pribatu gisa ulertzea.

Jaurespenez ari naiz Mary McCarthyren eta Hannah Arendten arteko gutun katea irakurtzen. Berdin hitz egiten dute geopolitikaz, filosofiaz ala maitasunaz. Azken batean, laguntasuna delako —bere bertsio antzutuan izan ezik— gizakiak asmatu duen harreman ekoizleenetako bat. Aldaketari buruz zuten ideian izan zituzten ezadostasun handiak. Ez aldaketa politikoaren ideian, horretan, oro har, ados egon izan ziren —Vietnameko gerran ala Watergate aferan—, nahiz eta Arendt pesimistagoa zen. Beren desadostasun nagusia maitasunari buruz zuten kontzeptuari zegoen lotuta.

Gabi bat bezala ulertzen zuen McCarthyk maitasuna. Maitasunak pertsona zuztarrez aldatzen zuela eta, horrek bakarrik, maitemintzea bera justifikatzen zuela. Arendt, aldiz, gehiago zegoen Nietzscheren aldamenean, alegia, norbait jada den horretan bihurtzen doala. Arendt ilunagoa zen, Europari lotuxeagoa, nahiz eta erromantikoa ere bazen. 1956ko gutun batean Arendtek Maryri idatzi zion, bigarrenak huts sentimental bat izan berria zuenean: «Egia da honetan guztian badela krudelkeria, baina ezin duzu espero maite zaituenak zurekin duen krudelkeria bere buruarekin duena baino gutxiago izango dela. McCarthyk sentimenduez hitz egiten zuenero Arendt dardarka jartzen zen. Hainbestetan maitemindu, hainbestetan ezkondu eta bereizi zen Mary. Arendt hil eta 10 urtera, 1985ean, Maryk aitortu zuen, lagunak esan ohi ziola: «Baina, ezin zarete soilik elkarrekin bizi?», ezkondu eta dibortziatu, ezkondu eta dibortziatu, behin eta berriro ari zen Mary. «Bihotzaren kiribil bihurgunetsuak» Arendti gustatzen zitzaion Audenen esaldian bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.