Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Hipotesiak

2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Igandeko emaitzak oraindik erabat barneratu gabe hasi zaigu berriro tronu dema Nafarroa Garaian.Informazio gehiegi jaso dugu oso tarte txikian: mendebaldeko anai-arrebek pozteko arrazoiren bat eman digute Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan,—Maroto, gogoan zaitugu—, Vox-eko ordezkariak ez dira Euskal Herritik pasatuko, Nafarroan koalizio eskuindarrak botoak galdu ditu, baina berriz ere aukerarik bozkatuena izan da, eta EH Bilduk, gora eginda, eskura izan du parlamentari bat lortzeko aukera, nahiz eta azken unean PSNk bereganatu duen. PSOE atera da irabazle Espainian, eta PSNk indarra hartu du Foru Erkidegoan. Ikusteko dago emaitza horiek koiunturalak izan ote diren —badirudi «Kontuz, ultraeskuina datorrela eta!» alarma-oihua gailendu zaiola honetan «Adi, baskoak baitatoz!» ikara-garrasi ospetsuari— edo joerak segida izanen ote duen botoa emanen dugun —abstentzio aktiboaren eta pasiboaren onurak ezagutzen ez ditugunok, behintzat— datozen hauteskundeetan. Berriz hasi da hipotesiak egiteko garaia, bai aurreko igandeko emaitzen kudeaketaz, bai maiatzaren 26an gerta daitekeenaz, izan zitekeena albo batera utzita. Akaso «zer gertatuko ote zatekeen...?» galdetzea ez legoke gaizki, hurrengoetan akatsak ez errepikatzeko eta ongi eginak finkatzeko asmotan.

Izan litekeenaz aritu da Maria Solana Nafarroako Gobernuko eleduna, bere kezka adierazi baitu PSOE eta Ciudadanosen arteko balizko gobernu-itunaz. Badu kezkatzeko arrazoia, Riveraren alderdiak muturrera eraman lezakeelako Sanchezenak arrotz ez duen estatu-eredu zentralista eta neoliberala, are gehiago Vox alderdiak agenda politikoa baldintzatuko balu. Ezinegon handia sortzen du aukerak. Nolanahi ere den, lepoa eginen nuke PSN eta NA+ren arteko ituna dela Solana eta beste nafar asko gehien kezkatzen dituen etorkizun posiblea, Nafarroako aldaketa finkatzeko abagune historikoa eragotziko lukeelako. Espero dezagun azken hipotesia ez betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.