Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Keinu bat

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sahararen aldeko manifestazio baten ostean, metroan aurkitu nituen bertako banderarekin zihoazen gazte batzuk. Sahararrak ziren. Hizketan sartu ziren, eta hitz eta pitz ozen eman zuten bidaia. Haserre zetozen, haserre egoteko hamaika arrazoi baitute sahararrek ere. Geltoki berean jaitsi ginen, eta mutiletako bat, bero, garrasika hasi zen geltokian geundenon aurka. «Zuen gobernuak du errua». Nik atoan ulertu nuen esaten ari zena. Euretako batek isiltzeko esan zion, baina mutilak jarraitu zuen oihuka. Iltzatuta geratu zait anekdota hura; ni ere haserretu nintzen. Nik ikusten nuelako bere herria, baina berak, berriz, ez zuelako gurea ikusten. Horrekin gogoratu nintzen lehengoan Damien O'Kane kantaria entzuten ari nintzen bitartean. Derry inguruan jaiotako kantaria da O'Kane. Berarekin bi musikari zeuden, Steven Byrnes irlandarra eta Duncan Lyall eskoziarra. Gureganako sentsibilitate gehiago espero nuen. Batzuetan nahikoa da keinu txiki bat entzulegoa zeure egiteko. U2 taldeak egin zuen Vertigo kantuaren hasieran zenbakiak euskaraz esaterakoan. Egin zuen Bruce Springsteenek «gabon» esanaz kontzertu hasieran, eta egiten dute kanpoko askok. Marketin dei diezaiokezu, baina niretzat errespetua da. Gutxieneko sentsibilitatea, agur, egun on, edo, eskerrik asko esateko. Gugandik, ustez, hurbilago dauden kultura eta herriengandik, hizkuntza gutxitu, edota, estaturik gabeko nazio kumea izatea zer den dakitenengandik bestelakoa itxaroten dut. Damien O'Kane oholtzara atera zen, eta espainieraz gauza gutxi zekizkiela esan zigun. «Gracias» eta «muchas gracias» izan ziren gehien errepikatu zituenak. Harritu ninduen, aitortu behar dut. Kontzertua antolatu zuen inork ez zion esan zelan esan gabon edo eskerrik asko? Inork ez zion azaldu hau ezberdina dela? Girona, Antwerp, Aberdeen edo Derry ezberdinak diren bezala? Ez, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.