Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gidak

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bidaia bat egitera noan bakoitzero hiri edo herri horren gainekoak ezagutzeko liburuxkak eskuratzeko ohitura daukat. Interesgarria egiten zait zerbait jakinda beste lurralde horretan lur hartzeko. Eta ez naiz bakarra; izan ere, Lonely Planet gida ospetsuak, urtero, 6 milioi gida baino gehiago saltzen du munduan, hizkuntza askotan. Egun sarean daukazu dena, baina ni oraindik ere hobeto konpontzen naiz horrelakoekin, gero bidaia egiteko ere eramaten baitut, eta liburu bat beti da eramangarriagoa. Batzuetan erosi eta besteetan, berriz, mailegutan hartzen ditut. Liburu dendetara osteratxoa egin eta berehala jabetzen zara genero hau mundu erraldoi bat dela. Ez dakit literatur generotzat har litekeen (garbizaleek ezetz esango lukete). Nik, ordea, batzuetan idazle bat aurkitu izan dut irakurtzen nituen lerroen atzean. Bidaia egitear nagoela, aspaldiko partez gida baten bila joan nintzen lehengoan, eta baita erosi ere. Ez zegoen euskaraz erosterik, ez bisitatu behar nuen hiriari buruzkoa, ezta beste hiri edo herriei buruzkoak ere... Izan nuen lankide bat bere aisialdian horrelako gidak idazten zituena, gazteleraz, eta zegokion hiri edo herrialdera bidaiatxoa egin ostean bere esperientzia azaltzen zuena. Euskara territorio libre bakarra bada ere, oraindik ere badu zer konkistatua, eta bidaietako gidena bat da. Maiz, turistak ikusten ditugu, eta agian nire mania izango da, baina gidaren hizkuntza ikusi eta berehala herriarekin lotzen dut. Hau alemaniarra da, eta hura, italiarra. Hemen ere badira, baina, salbuespenak, jakina.

Agian hemen ere elkarlanari ekin behar diogu. Agian eska liezaiokegu Lonely Planet-i bere gidak euskaraz kaleratzeko, baina errazagoa ikusten dut (eta bizkorragoa) guk geuk egiten baditugu. Auzolana, beste behin ere. Eta gero barre egingo dute euskaldun bakoitzaren atzean enbaxadore, filologo, antropologo eta ekintzaile bat dagoela esaten dugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.