Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Rosa Imvrioti eta sei gehiago

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Emakumeen «liderra» zela ebatzi zuten eta Makronisosen zokoratu aurretik Larisako kartzelara eramango zuten Rosa Imvrioti. Larisako egunak bere kaierean kontatu zituen. Kartzelara iritsitakoan ofizialak esan zion: «Zu zara, ezta? Ezagutzen zaitut, bukatu da zuretzat. Zu zara Grezia infektatzen duena aspaldiko urteetatik. Gaurtik aurrera, hiena zikina, zure mihia irentsaraziko dizugu. Ez dugu gupidarik izango. Geure gaztaroa suntsitu duzu. Makietan hiltzen ditugunak zure biktimak dira!».

Urik eta janaririk gabe utziko zuten hiru egunez, gero torturatuko, eta bere gorputza hamabi orduz soketatik zintzilik utziko zuten. Baina Imvrioti ez zen damutuko. Eta beste erremediorik gabe Makronisosera itzuliko zuten, damutu ez ziren beste emakumeekin. Imvriotiri (Atenas 1898-1977) Rosa gorria esaten zioten eta irakaslea izan zen, pedagogian aditua. 1920an Emakumeen Eskubideen Liga sortuko zuen eta alfabetizazioaren, soldata berdintasunaren eta boto eskubidearen alde militatu zuen. 1923an hasiko zen irakasleen formakuntza lanetan, 1926an Pangalos diktadoreak postutik egotziko zuen arte «historiaren irakurketa marxista» egiteagatik. 1933an, Greziako lehenengo emakume zuzendaria bihurtuko zen. 1936an, berriro, beste diktadore batek egotziko zuen arte. 1946an, Emakumeen Federazio Panhelenikoa elkarte feminista sortuko zuen. Nazio Askapen Fronte antifaxistakoa izan zen nazien okupazioan eta horrek eramango zuen esparruz esparru. Preso zaharrena izaten zen beti. Trikeriko esparruan lantalde bat osatuko zuen: beste 52 irakasle presorekin batera «eskola sekretu» bat egingo zuten. Irakurtzen ez zekiten 600 emakume alfabetatu zituzten kultur programa baten bidez. Torturen ostean bizirik segitu zuen. Eta idatzi zuen emakumeaz Bizantzioren garaian (1924), Hegelen dialektikaz (1933) estetikaren irakaskuntzaz (1965).

Bere lan nabarmenetako bat izan zen beste preso batzuei idaztea eskatzea, gero Victoria Theodorouri pasatuko zizkioten kaier horiek. Emakumeentzako esparruak liburura pasatuko zituzten milaka emakumeren urte horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.