Jaume Gelabert.
LARREPETIT

155 zenbakia

2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Astearte gauean egin nuen proba. 155 zenbakia Interneteko bilatzailean idatziz gero, sarrera andana agertuko zaizue pantailan. Ez dira guziak gai berari buruzkoak izanen. Adibidez, XX. mendearen hasierako Radowitzky Argentinako preso politikoaren gaineko nobela grafikoaren erreferentzia aurkitu nuen. 155a zen bere preso zenbakia. Latza da ekintzaile anarkistaren istorioa. Beste informazio batzuk jaso nituen zenbakiari esker. Hondurasen denge izurritearen ondorioz aurten dagoeneko 155 lagun hil direla ezagutu nuen, eta badirudi gaitzak aurrera eginen duela 19.000 lagun kutsaturik baitaude. Erdialdeko Amerikako herritarren sufrimendutik urrun, Iruñeko Udalak 155 jarduera prestatu dituela eguberrietarako aurkitu nuen. Albisteak zalantza sortu zidan, Udalaren webguneak bai gaztelaniaz, bai euskaraz irakurtzeko aukera eman zidalako; gainera, 155 jarduera horietako dezente euskarazkoak ziren. Berri zaharkitua izanen zen.

Atentzioa eman zidan Nafarroako Hezkuntza Sailak jakinarazi duela, eta sareak zabaldu, 2018ko lan-eskaintza publikoko 155 lanpostu ezin izanen direla deitu honetan. Azterketa sakona egin du gobernu berriak, eta ondorioztatu du plaza gehiegi eskaini behar zirela. Sindikatu batzuen bidez jakin dugu 5 plaza baino gutxiago esleitu behar ziren espezialitateak ez direla lan-eskaintza publikoan sartuko. Irizpide bitxia. Esaterako, bi irakasle dira Iruñeko Hizkuntza Eskolako Italiera Departamentuan, Nafarroako bakarrak; zail izanen dute eskakizuna betetzea. Ondorioztatu dut espezialitate batzuetan ez dela sekula oposiziorik izanen eta irakasleak behin betiko behin-behinekotasunean biziko direla. Hizkuntza Eskolako langileen %50 baino gehiagok halako kontratua daukate, nik neuk barne. 10 urte pasatu dira azkenengo oposiziotik.

Kataluniaren gaineko zerbait ere ikusi nuen, baina Rivera, Abascal eta Casado zirela protagonistak ohartuta, ordenagailua itzali eta ohatzean sartu nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.