Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Tolstoi sare sozialez eta artistez

2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bolivian balak bibliekin batera iristen ari direla ari nintzen Lev Tolstoiren irakurketa mistikoekin. Tolstoi kristautasunaren erakundeetatik egotzi zuten testuak dira horiek. Kristautasunaren historian enegarrenez, Kohlhaseren tradizioan, irakurketa askatzaile eta propio bat egin zuelako.

Aitorpena-n (1894) kontatzen du nola joan zen gaztetan Europara bizitzera. Eta han nola elikatu zuen bere anbizioa. Nola egin zuen progresoaren ideiarekin bat. Han hasi zen egiten krak, sentitzen burua zihoakiola bide batetik eta gorputza beste batetik. Garaian, «konbentzituta [zeuden] garrantzitsua zela hitz egitea, hitz egitea etengabe, idaztea, argitaratzea azkar eta ahalik eta gehien, eta horrek guztiak ekarriko zuela gizateriarentzako ongizatea. Eta milaka pertsona ari ziren etengabe elkarren kontra eta liskartzen, argitaratzen, idazten eta gainontzekoak zuzentzen. Eta, jabetu gabe ez zekitela ezer, ezgaiak [zirelako] galdera erraz bati erantzuten, 'Zer da ona eta zer txarra?', denek egiten [zuten] elkarrekin hitz, ezer eta inor entzun gabe, batzuetan miresten eta goraipatzen besteak, baina baldintza batekin, gero besteen laudorioa jasotzea; bestetzuetan, elkar akuilatzen [zuten], bestea zorotzat tratatzen».

Absurdoa iruditu zitzaion, gerora, garai hura Tolstoiri. Laudorioa eta dirua jaso nahi zutela bakarrik (Leninek kapitalismoko adierazpen askatasunaz zuen iritzi oso antzekoarekin). Eta horretarako, gau eta egun milaka langile jartzen zituztela lanean, inprimatzeko milioika hitz. Artikuluak idatzi, liburuak. Tolstoiren aburuz, «lan inutil hori egiteko, oso pertsona garrantzitsuak zirela sentitu behar zuten; horrez gain, [beren] ekintzak justifikatzeko arrazoi bat behar zuten».

Inork segituko ez zuen bide bat marraztu zuen Tolstoik. Feudalismoaren basakeriarekin bukatu nahi zuen, baina ez zuen iraultzarik nahi. Bere aburuz, eraldaketa zen aberatsek aberastasunari uko egitea eta intelektualek urguiluari, eta ez aberastasuna bortxaz banatzea eta eskolak zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.