maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

'Gernika' Jaenen

2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Espetxeen funtzioa askotarikoa izan daiteke: askatasuna urratzea barnean dagoenari, bere bizitza lau pareta eta eginkizunetara mugatzea (gutunak idatzi, irakurri, amestu, korrika egin), gizartean eta kalean nahi ez dituztenak alboratzea (politikoki ez-zuzenak, txiroak, arrazializatuak), senideei eta lagunei sufrimendua eragitea. Ez dakit: hori ikertu dutenek eta barnean direnek jakinen dute nik baino gehiago.

Argi dagoena da ez dela inorentzako eremu atsegina —zaila egiten zait pentsatzea bertan lan egiten dutenak ere gustura joaten ote diren egunero—; are gutiago pairatzen dutenentzat.

Ez dakit denei jarriko dizkieten trabak espetxera bisitan joaterakoan. Gure betiko galdera da: funtzionarioak motzak ote diren, edo apropos egiten duten. Batean, ez garela zerrendan agertzen; bertzean, NANeko zenbakia eta hatz marka ez datozela bat; argazkiak ezin direla sartu paketean; gaur ez omen dela atera bisita gelara presoa; eta etxekoek txukun prestaturiko paketeko objektuak, zakar, zabor poltsa batera. Ez dakit anekdotak diren, edo egunerokoa.

Jaengo kartzelan, funtzionarioen kontrola igaro eta txarrantxa hesiz inguraturiko pareta handiak gurutzatu bezain pronto, bisitan goazenok halako patio moduko batetik pasatu behar izaten dugu, zeina espetxearen zatirik apainduena den; eta, noski, presoek sekula ikusiko ez dutena. Erdian urmael bat dago, palmondoz eta halako arbolaz inguratua. Paretetan, berriz, azuleju koloretsuz egindako muralak: Da Vinciren Mona Lisa-ren kopia bat parean, ezagutzen ez ditudan bertze hainbat (kopiak izanen dira horiek ere, ia segur), eta, gibelean, Picassoren Gernika.

Espetxetik ateratzerakoan, biribilgune moduko batean, eskultura bat, idatzi batekin: «Askatasuna berreskuratu duzu. Ez dezazula berriro galdu».

Espetxeen funtzioa askotarikoa izan daiteke, baina horietako bat, dudarik gabe: gu iraintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.