Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Irratiari (eta grebari) gorazarre

2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Frantziako Errepublikako osteguneko grebaren arrakasta erabatekoa izan da. Jean-Michel Aphatiek (langile klasearen erreferente bat: bizitzan, akustikan eta iritzigintzan) LCI katean aitortu zuen ostegunekoa egun zaila izan zela gobernuarentzat. Alegia, aurreikus zitekeela SNCF eta RATPen mobilizazio handi bat izatea. Baina inondik ere ez protesta zabal eta masiboa Errepublikaren ixkin guztietan. Ezin zen amestu manifetako mobilizazioa, haserrea eta erretreten erreformari errefusa orokorra. Aphatieren aburuz, ostegunekoa «shock» handi bat izan zen Estatuarentzat: haragitu du deskontent orokorra (inkestaren batek hiritarren %69 Gobernuaren kontra jartzen du).

Aste luzeetako lana izan da kontrarreforma neoliberalaren kontrako pitzadura zabaltzea. Eragile nabarmen askoren artean (joan den asteko garraiolarien eta nekazarien errepide blokeatzeekin, adibidez) bada kopiatzeko erreferente bat: Radio France zerbitzu publikoko kazetari ia guztien inplikazioa (hamalau milioi eta erdi entzule egunero, eta gorantza, entzule gazte askorekin, «kulturaren sustapena aldaera herrikoi eta jasoetan, zinema, telebista, antzerkia, telesailak, musika: guztia aztergai, umorea zuzenean, sare sozialetan txapeldun»), norberak bere gaiak, norberak bere tonuak. Ia egunero argudioak eman dituzte entzuleek uler dezaten ze desastre letorkiekeen Macronen proiektuarekin. Thomas Pikettyri ere elkarrizketa grebaren alde. Gobernukoei elkarrizketak soken kontra. Eta Greba orokorraren aurreko astean: aste osoko greba irratian. Imajinatu Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gasteiz Irratia, Gaztea astebetez «grebetako playlist bikainarekin» (feat. Nicolas Demorrand). Programaziorik gabe. Eta itzuleran, esaterako, iragartzen EiTBren webgunean entzuleen 100 iritzi hautatu dituztela greba orokorraren alde. Zerbitzu publiko bat: informazioaren alde, bizitza duinen alde. Posible da, eredu arrakastatsuak dauzkagu, garaiz gabiltza, ogibide guztiak, sukaldeetatik industrialdeetara eta aldrebes: etzi, greba orokorra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.