Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Egokitzapena

2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Berlin eta Kopenhage hiriak ilunak dira gauetan. Han egon nintzenetan bitxia egiten zitzaidan eguna gautzerakoan zein farol eta argi gutxi zegoen. Akorduan daukat Berlingo gabonetako azoka horietako batek bazituela argiak, baina hortik kanpokoa nahikoa iluna zela. Hainbeste harritu ninduen, hiriok bisitatu ostean hiriez galdetzen zidatenean gauza bera erantzuten nuen: «Ilunak dira gauak». Beste aldean dago bizi naizen hiria eguberrietan; dena da argi distiratsu. Goizeko ordu txikietan etxera bueltan Zazpikaleetan dir-dir egiten zuten neoizko argiek. Ikusgarriak eta erakargarriak dira argiak, erosketak egiten datozenentzat amua, nonbait. Ezinbestekoa da hainbeste argi larrialdi klimatiko egoera honetan? Modu zoroan erosi eta erosten jarraitu behar dugu? Ttap-ttap kaleetatik, bakarrik, pentsatu nuen ondo harrapatu ote dugun aldaketa klimatikoarena, ez ote garen larrialdi klimatikoaren azalean gelditu. Alegia, ez dugula ulertu bizimodua aldatu behar dugula eta orain artekoa eutsiezina dela. Madrilen egiten ari diren COP25eko agintariak ez dira ados jartzen, eta, hortaz, bertso handietan erabakiak hartzen ez dituzten artean, pentsatzen dugu bertso txikietan lasai bizi gaitezkeela. Adierazpen publikoak egitea erraza da, erabaki zorrotzak hartzea zaila da seguru, eta, are zailago, kontzientziak aldatzea. Baina Nazio Batuak Erakundetik esan dutenez, hamaika urte(10 + 1) baino ez zaigu geratzen. Jateko, erosteko… finean, kontsumitzeko modua erabat aldatu behar dugu.

Antonio Guterresek, Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak, zioen argi eta irmo Madrilen: «Munduko larrialdi klimatikoaren gauerdirako bost minutu baino ez dira falta». Uste dut adierazpen publikoak egin ez eze, inorentzako atseginak ez diren erabakiak hartu beharko dituztela arduradun publikoek; guk ere atsegin ez ditugun asko hartuko beharko dugu, horrek esan nahi duen guztiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.