Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Urteko alkate onena (eta kaxkarrena)

2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Urte bukaerarekin batera, azken hamabi hilabeteotan arlo desberdinetan nabarmendu diren aleak aipatzeko ohitura izaten da munduko alde honetan —baliteke gainerakoetan ere gertatzea—. Gizakirik dotoreena, libururik irakurterrazena, kontzerturik jendetsuena edo gertakizun hunkigarriena aurkezten dizkigute hedabideek abenduaren akaberan. Zarpailena, irakurtzen zailena, bakartiena eta hotzena, aldiz, ikusezin bilakatzen dira Eguberrietako datetan.

Badira urtea amaitu baino askoz lehenago epaia adieraztera ausartzen diren adituak. Zinema munduan, adibidez, baten batek urteko film hoberena martxo aldera seinalatuko digu — «Urteko filma!»—, kritika zorrotz bezain dotorea ederki argudiatua: «Brutala!». Ausardiak arriskua berezko du; maiz gertatzen da, uztaren kalitateak bultzatuta, abendurako kritikariak hiruzpalau urteko film kartsuki —«Brutala, brutala, brutala. Brutala!»— iruzkindu behar izatea. Urtea, tarteka begi-bistakoaz ohartzen ez bagara ere, ilbeltzean hasi eta abenduan bukatzen baita.

Nahiz eta urtea amaitzeko sei hilabete falta, ez zen ausardia handirik behar ekainaren 15ean urteko Iruñeko alkaterik hoberena —eta kaxkarrena— izendatzeko. Aitortu behar da eginkizuna ez zela betetzen zaila izan, bi baitziren hautagaiak. Gainera, biek lehendik erakutsia zuten beren trebezia edota trebetasun falta karguan: Asironek lau urteko agintaldiaren ondorioz «agur» esan —eta aditu— behar izan zuen; Maiak nolabaiteko mehatxuzko «hemen naiz berriz!» bota zigun, Udala kontrolpean izan zuen bitartean egindakoa berrestera eta Asironen gobernuak eraikitakoa eraistera etorria zela aditzera emana. Azken sei hilabeteotan, ekainean iragarria bete du normalendako alkateak: zentsura, euskarafobia, kudeaketa alderdikoia eta kutsu homofobikoko politika. Brutala! Ezarritako normaltasunetik kanpoko edozer urteko sasoi guzietan ikusezin bihurtzen saiatu da. Zorionez edo zoritxarrez, urteak bezala, agintaldiak noizbait amaitzen dira; baita iritzi artikuluak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.