Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Immunitatea

2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Medikuntzan, infekzioak kanpoko eragile kutsakor batek organismo ostalari batean sortutako kolonizazioak dira, eta eritasunak eragiten dituzte. Infekzioei aurre egiteko defentsa-mekanismo biologikoa da immunitatea. Zuzenbidean, hiztegi batuaren arabera, «zenbait pertsonak edo erakundek legearen aurrean duten abantaila, zenbait kargu, betekizun eta zigorretatik libre uzten dituena da immunitatea, bereziki zenbait parlamentarik dutena». Paralelismo eskasa eginda, esan genezake justiziaren ondorioei —infekzioari— aurre egiteko, norbanako hautatu batzuek berezko defentsa-mekanismoa—immunitatea— dutela.

Hainbat prozesutan —ez naiz osasun alderdiaz ari, judizialaz baizik—, pertsonaia batzuen immunitatea sumin-iturri izan ohi da; esaterako, Espainiako errege-etxeko partaideena. Kasu horretan argi izaten dugu immunitateak inpunitatea de facto ekartzen duela, eta horri esker, edo horren erruz, adibidez, Espainiako errege ohi batek balizko negozio zikinak izanen balitu errege arabiar batekin —a zer adibideak okurritzen zaizkidan—, epaitu eta zigortu gabe geldituko litzateke. Horrelako egoera hipotetiko batean, ez genuke zalantzarik eginen pertsonaia gorenaren ekintza arbuiagarria dela eta justiziak horren kontra jardun behar lukeela. Beste batzuetan, ordea, immunitatea kontzeptu pozgarri bilakatzen zaigu, sistema judizialak ezarritako zigor bidegabea deuseztatzen duelako. Adibidez, preso politiko katalanen auzian. Badirudi immunitateak —eta, seguruenik, negoziazio politikoak— Espainiako justiziak egindako injustizia konponduko duela; tarte batez, behintzat. Immunitatez edo immunitaterik gabe, libre izan behar dute politikari katalanek.

Altsasuko gazte presoek ez dute immunitate judizialik, ez migratzaileek, ez txiolariek, ezta epaileen ebazpen okerren beste biktima askok ere. Suposizioa eginen dut berriz: jendarte osasuntsu bat osatuko bagenu, guziok dugun justizia jasotzeko eskubidea bermatuko litzateke. Hipotesia da, besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.