Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zer kontatu ezer gertatzen ez denean

2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Abenduak 25, joan berri den Eguberria. Eguna argitu berritan albisteen hozkailua hutsik. Halako batean Ali Baddouren elkarrizketa Éric Fottorinori France Inter-en. Le Monde-n zuzendari izandakoa da, besteak beste, Fottorino.

Baddouk azaldu du Fottorinok moteltasunaren aldeko kazetaritzaren apustua egin izan duela. Gogoeta egiten duten kazetarien ekoizpenak, gogoeta egingo duten irakurleentzako. Eta Baddouk egin dion lehenengo galdera da gaztainondoei buruz (hala esaten diote frantsesez oso errepikakorrak diren gaiei buruzko kazetarien ofizioari: marroniers). Fottorinok esan du gaztainondoak direla «hutsaren beldurraren» ondorio. Alegia, «hutsak ez duela egiturarik» eta urteko data eta gai batzuen bidez «zentzu bat» eman nahi zaiola pasatzen den denborari. Fottorinoren ustez gaztainondoak moñoñoak dira, lantzen dituzten gaiek segurtasuna ematen dute. Baina, horretaz gain, gaztainondoen lanak adierazten du «errealitateak bere burua inposatzen ez badu» ez dagoela kazetaritza egiteko gaitasunik. Beraz, zer da aktualitatea? «Hannah Arendtek esan bezala, aktualitatea gertakizuna da, gauzen jario arrunta arrakalatzen duen zerbait ote da?» galdetu du Fottorinok. Ezustekoa gainazaleratzen duen hori ote da aktualitatea? Ala, gaur egun ohikoa denez, «ez al da kazetaritza katu bat bezalakoa, fereka eginda zurrunga egingo duena eta, hala, ez digu ezustekoa dena ikusten uzten»?

Horren kontra ari da Fottorino: 24 orduz «informazioa» lantzen duten telebisten kontra, klikaren antsietate-kazetaritzaren kontra. Duela urte batzuk sortu zuten eta Le 1 astekari-artefaktua. Inactualitaté-a lantzen dute, ez-gaurkotasuna, eta horretarako funtsezkoa da berarentzat asteleheneroko erredakzio bileran kazetariez gain ikerleak eta idazleak izatea alboan. Zientziak eta arteak izatea toki bat «informazioa» landuko den eremu horretan. Ez dekoratzeko. Ulertzea aktualitatearen kontrakoa delako gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.