Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Bi norabideko bidaia

2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Abiadura bizian, kasik trenarenean bezain handian, ari dira osatzen azpiegitura handia bukatzeko lanak. Antza, gobernuek, Nafarroakoak zein Espainiakoak, nonbait gorderik zegoen diru mordoa aurkitu, eta erabaki dute AHTaren eraikuntzan inbertitzea dela nafarren beharrak arintzeko modurik eraginkorrena. Bueno, nafarrona eta Hego Euskal Herriko gainerako biztanleena. 30 kilometroko trenbide zatia eraikitzen ari dira Foru Erkidegoan —ez dakit zenbatean dagoen kilometroa, baina ziur naiz milioitxo batzuk izanen direla—, eta EAEn dagoeneko dezente egina dute.

Aitortuko dut ez diodala sekula nire inguruko inori aditu astero Madrilera ahalik eta agudoen ailegatzea dela bere premiarik handiena. Izan ere, beharrez —behar ekonomikoez— galdetuz gero, bestelako gaiak aipatzen dituzte lagunek; esaterako, batzuk etxebizitza duina eskuratzeko zailtasunaz mintzatzen dira, edo osasun eta hezkuntza sistema publikoetan esleitutako diru-funtsaren eskasiaz, euskara eta euskal jarduerak sustatzeko baliabide ekonomiko faltaz ere entzun dut kexa —gogoan izan galdetutakoak gertuko ditudala— eta izan badira kultur eskaintza zabaltzeko inbertsioa beharrezkoa dela komentatzen dutenak. Nahikoek—horrelakoak dira nire lagunak, zer eginen diogu— oroitarazten didate gure bizilagun askok ez dutela eguneroko oinarrizko beharrei aurre egiteko bitartekorik, eta sistema publikoak ez omen duela pertsona horietako askoren egoera suspertzeko funts nahikorik. Harritzekoa bada ere, euskal oasian ere ez. Nire hurbileko jendeak ez du AHTrik aipatzen bere lehentasunetan —errege-etxerik eta armadarik aipatzen ez duen bezala—.

Inoiz azpiegitura bukatuko balitz, AHTak gure politikariak Madrilera eramanen lituzke, eta, noski, bueltan ekarri. Hala izatera, zalantzan dut gure beharrak—nire ingurukoenak, behintzat— beraiekin batera garraiatuko ote lituzketen joandakoan, eta, honetan zalantzarik ez, Madrilen jasotako agindua Atochako geltokian kargatzea izanen litzateke horietako zenbaitzuen premia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.