Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gazteak

2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Telesailen urrezko aro honetan ez dago gaizki tarteka atzera begiratzea eta beste garai bateko fikzio-saio arrakastatsuetan arreta jartzea. Egungo ekoizpen erraldoiekin alderatuta, 80ko hamarkadako BBCko The Young Ones bezalako aurrekontu txikiko komedia anarkikoa barregarri gera liteke; baina, lehenengoz ikusi genuenetik 35 bat urte pasatu direnean, ez gara lagun gutxi oraindik telesailarekin oroitzen garenok. Ez dakit Tronu Dema gogoan izanen ote dugun hiru hamarkada barru—hemen baldin bagaude, eta gogoan zerbait baldin badugu—. EITB Karibeko euskal konkistatzaileen gaztelaniazko oporrak oparo finantzatzen hasi baino askoz lehenago, Gazteak euskaraz —nik TV3en Els joves katalanez— gozatzeko aukera izan genuen kate «autonomikoetan». Surrealista, berritzailea eta ganberroa zen telesail britainiarra: Motörheadek zuzenean jo zuen atal batean! The Young Ones saioko pertsonaien artean Rick maite nuen. Bere burua «herriaren rapsoda» izendatua, sasi-poetak ekintzaile politiko agertzea gustuko zuen, eta teoria anarkista ahotan izaten zuen maiz; bere jarduteak, aldiz, oso bestelako izaera erakusten zuen. «Faxista!» erabiltzen zuen behin eta berriz gainerakoen jokaera gaitzesteko. Beste garai batzuk ziren.

Santos Cerdan PSNko diputatuak, Ricken antzera, faxista kalifikatzailea ibili du Na(+)-eko Iñaki Iriarteren ekintza baten gaineko iritzia emateko: eskuineko foru parlamentariak —edo bietan eskuinekoenak, nork bere ikuspuntua— erreketeen otordu batean hartu du parte Leitzan. Ekitaldian, besteak beste, «1936ko Gurutzada» goretsi da. Iriartek 10.000 € eskatzen dizkio Cerdani facha deitzeagatik. Bitartean, Txibite presidenteak adierazi du «eskuina ederki ongi bizi zela ETArekin» —beste ahots batzuetatik lehendik entzuna genuen—, eta Burlatan Na(+)-ek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen kontratazioa gaitzetsi du «ETAren aldekoak direlakoan». Komedia surrealistaren gidoia dagoeneko idatzia dugu euskaraz, agian lehengo garai horietako EITBk ekoitziko zukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.