Blanca Urgell
LARREPETIT

Arratiatik mundura (eta buelta)

2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Erantzun zaileko galdera da nork landu zuen lehenik euskal grafia. Erantzun bat hauxe: euskaraz idatzi zuen lehenak; adibidez, Matxin Zalba nafarrak bere gutun ospetsuan (1416) («Et jaunatiçula abarion...»), edo hori aise idazteko izan bide zituen eta guk —tamalez!— ezagutzen ez ditugun balizko aurrekariek. Ala gaurko grafia bakarrik «euskal grafia» dela uste dugu?

Besterik da «euskal ortografia», hau da, «grafia zuzena» edo estandarra lantzen nor izan den aurrena galdetuko banu. Filologoen artean bozka asko lituzke Joanes Leizarragak (1571), nik uste. Agustin Kardaberatz (1761), Martin Duhalde (1809) edo Bonaparte printzea (1857) etorriko zaizkie batzuei burura. Baten batek Sabino Arana aipatuko du, eta ez zaio arrazoirik faltako: nondik begiratzen zaion.

Euskal Herritik kanpo jarriko dut nik gaur puxtarria, ordea: Valentzian, Mediterraneo itsasoaren ertzean, non irakasle gisa hartu baitzuen bizimodua Pedro de Madariaga arratiarrak, Obako semeak. Oraintsu arte ez ginen ohartu bere liburuan (Honra de escribanos, 1565) euskaraz nola idatzi behar den erakusten duela, hispanistei espainolari buruzko eskuliburu bat delako ideia erosi baikenien aspaldixko, merke erosi ere.

Zer nahi, botila erdi bete ala erdi huts? Zeren bai baitugu balioztatzea Madariagak hura egiteko beharra sentitu zuela, noiz eta Joan Perez Lazarraga papera zirriborratzen zebilen garaitsuan. Eta, bada, ze poza horri erreparatzea, eta ze tristura Madariaga gure kezka bertsuekin ikustea: «Ezinbestean apur bat haserratu behar naiz neure bizkaitarrekin, zeren eta ez baitute [euskara] erabiltzen beren gutun eta lanetan, eta honela bide ematen dute askok pentsa dezaten ezin dela idatzi». Eta kezka haiek zer bihurtu diren gaur. Hemendik irten beharko dugu, Valentziara agian, euskara horman eskegitzeko titulu bat ez dela jakiteko? Arraio-arraioa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.