Blanca Urgell
LARREPETIT

Fedea behar

2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ikasleei azaldu ohi diet, Jorge Wagensberger maisuarenetik ikasita, mundua ezagutzeko hiru bide nagusi daudela: errebelazioa, artea eta zientzia. Artearen bidea bazter utzita, tamalez, zientzia eta fedea elkarren aurka jarri ohi dira, bateraezinak bailiran. Eta, jakina, ez dira bateraezinak: hamaika zientzialarik adierazi dute fededun direla, nolabaiteko jainkoarengan sinesten dutela; eta hamaika fededunek zientziaren aurrerapenak ontzat ematen dituzte, Bibliak edo dena delako errebelazioak dioena dioela.

Fedeari ezin zaio erlijioaren ikuspegitik soilik begiratu, baina. Gaur zaharkituxe badago ere, lehenago fedea eman ere egiten zen, edo agindu. Ezkontideek zerabilten formuletan horrela ageri da: «Nik, Martin, zuri, Maria, prometatzen derautzut neure fedea» (Beorburu, 1536). Gizonak agindu eta emakumeak sinetsi: horra hor fedea, norbaitengan edo zerbaitetan jarritako konfiantza itsua, ebidentziarik behar ez duena. Fedea da airean gora doala umeak gurasoari diona, berriro besoetan hartuko duelakoan barre-algaraka. Fedea da dirua banketxean uztea plastikozko txartelaren truke. Medikuaren eskuetan osoki ipintzea gaixo larri suertatutakoan. Hegazkinean egon eta ateak itxi baino lehen ihes ez egitea.

Fedeak batzuetan amildegia dagoen lekuan zubia agerrarazten du; bestetan berak amilarazten gaitu. Baina, zer erremedio, denok dugu fedea non edo han, zuzen edo oker. Eta, hara: ze kalte egiten dute Iruña-Veleiako idazkunak egiazkoak direlakoan amore eman ez dutenek? Bejondeiela. Gaiari helduta bizi direnetatik kanpo, ez dago munduan honetaz kezkatzen denik, ez hizkuntzalari, ez historialari, ez besterik. Hamaika adituk esango diete ezetz. Hamaika argudio aurkeztuko zaizkie. Berek beti zirrikiturik aurkituko. Nork edo zerk aterako ditu beren fedetik? Auzitan dagoen bi milioitik gorako dirutzak ez baditu atera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.