Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Torturaren justifikazioa

2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Ustezko gaizkileak jakin behar du non ezkutatu duen bere zelula gupidagabeak lehergailua. Tentsioa handitu dadin, pantaila digitaleko erlojuan ikusi dugu zenbat ordu, minutu eta segundo falta diren bonbak eztanda egin dezan. Hurrengo irudian filmeko protagonista, eskuarki gizonezkoa, galdeketa gelan sartu da, eta bertako bideokamerak itzali ondoren, pistola mahai gainean nabarmen utzita,mehatxuzko keinua egin dio presoari. Segituan ikusten dugu nola iristen diren FBIkoak, Scotland Yardekoak edo, zergatik ez, Polizia Nazionaleko kideak jendez lepo —tartean hainbat haur— dagoen bonbaren ezkutalekura. Arnasa estutu zaigu heroiak kable urdinaren eta gorriaren artean aukeratu behar izan duenean. Asmatu egin du. Sistemak berriz funtzionatu du, lasaitu gaitezke.

Horrelako egoerak maiz erakusten dizkigute filmek eta telesailek. Ez digute, esaterako, kazetari duinik erakusten bideokamerarik gabeko ziega ilun batean, funtzionarioaren kolpeak jasotzen dituen bitartean; eta hala egiten baldin badute, diktadurapeko herrialde batean gertatzen da eszena edo aspaldiko garai batean. Hortaz, transmisio kanal horiek bi mezu helarazten dizkigute: mendebaldeko demokrazia eredugarrietan ez da tortura arbuiagarririk gertatzen —lagun errugabearena—, ezen bertan torturatzen denean justifikatua baita —terrorista ankerrarena—. Tortura zuritzen dute.

Hori guzia burura etorri zait Nafarroako Gobernuaren ikerketa ezagutu dudanean. Poztekoa da torturaren gaineko azterlanak aurrera egin izana, oztopo ugari saihestu behar izan baititu. Txostenak bagenekiena —baita negazionistek ere— berretsi du: tortura «sistematikoa eta orokortua» izan zen Nafarroan 1960tik 1978ra. Mingarria ere bada ikerketari denbora-muga ezarri izana, eta badirudi sistemak trabak jarriko dituela 1978tik aurrerako kasuak ikertzeko; ezen jakina baita demokrazia konstituzional eredugarrietan ez dela tortura arbuiagarririk gertatzen, eta bertan torturatuko balitz justifikatua egonen litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.