Jaume Gelabert.
LARREPETIT

August Landmesserren lezioa

2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun

Irudia 1936ko ekainekoa da, Hanburgoko ontziolan egina. Zuri-beltzeko argazkian gizon andana agertzen da, eskuineko besoa goraturik. XX. mendeko historia ezagutuko ez bagenu eta kolorezko argazkirik balitz, adin ertaineko langile horiek koreografia bat osatzen ari direla esan genezake, partaide guziak aldi berean, puntu berera begira, mugimendu bera egiten ari direla ikusita. Ez, jakin badakigu Hanburgoko beharginak ez direla dantzan ari: Führer-a da zuri-beltzeko gizon horien guzien begirada uniformeen helmuga. Morrosko batena izan ezik. August Landamasserrek uniformetasuna hautsi du, eta besoak antxumaturik uko egin dio diktadoreari gorazarre egiteari. Irma Eckler emakume juduarekin ezkondurik dago, baina Nurenberg legeak ez du horrelako bikoterik onartzen: juduen odola ezin da ariarrenarekin nahasi. Besoak bilduta, nahikoa dela adierazi nahi izan du Landmesserrek, kitto. Goibela eta gordina da bikotearen istorioaren bukaera.

Landmesser ausarta izan zen, ni bezalako kakati bat baino mila aldiz adoretsuagoa; baina, zorionez, egungo egoera ez da Alemania naziaren garaikoa. Orain ere badira aski dela esateko arrazoiak, nahiz eta oso bestelakoak izan. Pateran iritsitako migratzaileei COVID izurritea antzemateko odol testa egiten zaie eta berrogeialdia bete behar izaten dute, Europako turistak besoak —baita hotelak, tabernak eta saltokiak ere— zabalik eta aurpegian musukorik gabe hartzen diren bitartean. Legeak ez gaitu denok berdin tratatzen. Nafarroan, bakarrik dauden adin txikiko migratzaileak jasotzeko zentroak hasi dira ixten, normaltasun berriko murrizketen lehenetariko biktimak izan dira Afrikatik etorritako nerabeak. Ez omen dago beren kontingentzietarako dirurik. Ez, Nurenberg legerik ez izanda ere, ez dituzte pertsona guziek eskubide berak izaten. Pentsatzen hasita, agian, funtsean, elkarrengandik uste baino hurbilago daude nahikoa dela esateko lehengo eta oraingo arrazoi asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.