Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Barneminis

2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Lau ministeriok gobernatzen dute Ozeaniako herritarren egunerokotasuna Orwellen 1984 eleberrian. Gerrak etengabe piztuta jarraitzea da Bakearen Ministerioaren —Bakeminis neohizkeraz— ardura. Oparotasunaren Ministerioak, Oparominisek, sutsu jarduten du biztanleak betiereko miseria gorrian bizi daitezen, herritar pobreak manaerrazagoak izanen direlakoan. Egiaren Ministerioak, Egiminisek, dokumentuak manipulatzen ditu, bertsio ofizialarekin bat egin dezaten betidanik eta betiko. Laugarren ministerioa ere bada, Maitasunaren Ministerioa: Maiteminisek torturaren bidez banatzen du maitasuna. Nobelak askatasunaren, eskubideen eta ongizatearen aurkako fikziozko mundua deskribatzen du, baina maiz hartzen da erreferente egungo gizartearen gabeziak aipatzeko; maizegi eta funtsik gabe, hainbaten ustez.

Errealitatearen alde honetan, Espainiako Barne Ministerioko—hemendik aurrera Barneminis— arduradun gorenaren izena berriz atera da argira torturarekin nahasita, eta honetan ere estatuko mugetatik at egin behar izan da ikerketa ofiziala. Herritarron oinarrizko eskubideak bermatzea omen du helburu ministerio horrek; ez diot nik, Gobernuaren Gardentasun Atariko webgunean izan dut horren berri, egia eta bertsio ofiziala lotzen dituen tresnan. Estrasburgok aztertu duen auzi hartako epaile instruktorea izan zen Fernando Grande-Marlaska, eta, antza, maitasunaren ordez justizia torturaren bidez banatzeko betekizunaren konplize izan zen, beste alde batera begiratuta. Ez dut azken informazioa atari gardenean aurkitu.

Aspaldi abiatu behar zuen Espainiako Gobernuak torturak ikertzeko prozedura serioa. Seigarrenez ageri da Barneminiseko burua Estrasburgoko paperetan, eta hala ere Espainiako «inoizko gobernurik aurrerakoienak» kabinetean mantentzen du. Ironikoena da seguruenik egia islatuko duela gobernukideek beren buruari ezarritako goitizenak.

Ados nago, maizegi oroitzen gara Orwellekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.