Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Agian ez baina seguruenik bai

2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Argitze aldera, baietz esanen nuke; baina ez du zertan izan, nahiz eta kontua nondik begiratzen den posible litzatekeen». Arloko arduradunen hitzak entzun eta gero, ez da arrotza horrelako sentsazioaz irtetea hainbat bileratatik eta mintzalditatik. Batzuetan «ideiarik ere ez dut» mezua ezkutatzen da azalpen korapilatsuen atzean; horrelakoetan hizlariak ezjakintasuna aitortzeko trantzea ahalik eta oharkabeen gainditzeko asmoa izan ohi du, hurrengo batean argia ikusiko duelako esperantzan. Orduan bai, zehatz zabalduko du bere jakintasuna argibide eske ari direnen artean. Harrotasun puntu batez, gainera.

Beste batzuetan, berriz, oso bestelako helburua izaten dute mezu kontraesankorrek. Hizlariak ederki ongi ezagutzen du kontua, hain zuzen ere zabaldu nahi ez duena: «badakit, bainaez dizut kontatuko» da deus ere azaltzen ez duen azalpenaren funtsa. Grande Marlaskaren azken adierazpenak —azkenak lerrook idazteko unean— bigarren genero honetan sailkatuko nituzke: Zabalzaren «zoritxarreko gertaeraren» harira, ministroak aldarrikatu du askoz gehiago direla Espainia torturengatik zigortu ez duten kasuak. Hortaz, torturak izan direla ondoriozta liteke —zigorrak— baina hainbatetan ez du zertan izan —zigortu gabeko kasuak— kontua nondik begiratzen den posible balitzateke ere—zoritxarreko izendatu du zoriak eta patuak zerikusirik ez duten kontua—. Agerpen berean gehitu du balitekeela auzitegiak eta fiskalek auzia berriz irekitzea, auzitegiak eta fiskalek kasua itxi zutela jakinarazi ondoren. Nahasmena.

Sanchez Espainiako presidenteak eredugarri eta oso izendatu du politikariak politika egiteagatik atxilotzen, musikariak abesteagatik zigortzen eta torturak ezkutatzen dituen demokrazia. Agian errealitatea apaindu nahi izan du izendapen horretaz; baina ez du zertan izan, kontua nondik begiratzen den posible litzatekeen arren. Demokrazia nahasgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.