Blanca Urgell
LARREPETIT

Venusen mendizaletasuna

2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Atzo «Eskroto» abeslariaz aritu ginen, eta orduko progreentzat ere tabu ziren izenak ipintzen hasi ziren garaiaz. «Los 350 nombres de grupos españoles más raros de la historia» orrialdean egiaztatu dut gizonaren genitaleen parteak askotan daudela, baina emakumearenak gutxitan. Ez ote tabu oraindik? Eta euskaraz?

Halakoak betiere erdaraz ikasi nik eta, autoikastaro bat egin dut Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa-ren laguntzaz, besteak beste. Bazen garaia, ezta? Ez naiz pozik gelditu, halere, termino gehienak aseptikoak ziren eta.

Orotariko-ra jo behar, eta beitu: Azkue apaiz estu-serioak (1905-1906) aluz beste bost izen jaso zituen: emakuntz, lakuntza, menatura, moltso eta tutu. Bada zerbait. Badu zazpigarren bat, motxin, berariaz tabu izendatua: «palabra torpe que indica con poco recato verenda mulieris».

Paulo Zamarripak (1930) ere ez zuen «vulva» sarrera saihestu, baina hara zer dioen: «Creemos que puede emplearse este vocablo sabelpaurre, creado por nosotros, en vez de mixo y potxor, que se dice en Tx[orierri] y Marquina, respectivamente, y que son malsonantes».

Haiek bezain apaiz, estu eta serioa, Orixe San Agustinen Aitorkizunak (1956) itzuli beharrak kinka honetan sartu zuen. Zer erabiliko, eta emakuntza, Azkuek «en el ganado» badio ere; eta gizonarena ere gizakuntza, ez pentsa!

Antzinakoek lotsa gutxiago: alu-ren lehen agerraldia Landucciren hiztegikoa da (1562, «coño» sarrerapean) eta, beraz, arabarra (biba gu!). Lazarragakgizonaren lanzetea-ren parean aurrealdea ipini zuen, ostera. Pouvreau hiztegigileak (c. 1665) aluzale, alu-nahi eta alu-zelatari perlak gorde dizkigu... itzulpenik gabe. Eta Urtek (c. 1715) honako errefraua: Alua ezin jo dezakénak alupizarraren atzékia egiten du; latinez mulieris labra du baliokide, «emakumearen ezpainak», baina beste zerbait ez ote den nago...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.