Blanca Urgell
LARREPETIT

Oiloen alde

2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Stephen Jay Gold-en familia ugaritik yiddish lehen hizkuntza zeukan azken hiztuna 1993an hil zen. Honela hasi zuen zientzia zabaltzaile handi hark dodoari buruzko lan bat. Naturaren dibertsitatearen halako atal baliotsuak galdu eta —zioen berak— orduantxe pizten da gure interesa, eta haren aztarnak bilatu eta gordetzeari ekiten diogu.

Dodoa —istorioa ezaguna da— hegan ez zekien hegazti bat zen, Maurizio uhartean endemikoa. Handi-handia, metro bat inguru, potolo eta baldartzat joa zen; horregatik edo, akabatua izan zen europarren laguntza ezinutzizkoarekin. Dodofobiak akabatu zuen. Badu oiloak dodoaren antzik: berak ere hegan egiten jakin ez, eta berdin baldartzat joa. Dodoak arrautza bakarra ipintzen omen zuen; ugalkortasunak salbatu bide du oiloa; eta arrautza frijituek patatekin.

Hitzak ere galdu egiten dira, ez dute betiko irauten. Pabo, jeba, hater, monger, random... zein helduko da 2050. urtera? Batzuk Akitania garaitik behintzat bide ditugu: hala nola beltz, bortz, gizon, gorri, ibai, ilun, laur, neskato, seme eta zahar; bestetzuk galdu dira, hala nola 1596ko Refranes y Sentencias-eko alaune 'korta', altamia 'katilua', basoi 'basozalea', betse 'abarka', burrustu 'eraso'...

Birziklatu direnak ere badira: kirol-ek kasu, 1597tik 1915era egin zuen jauzi, 'dibertsioa' lehengo esanahia doi bat egokituta. Ezezagunago bat: adiera modernoan aztertu Mogelena da. Demagun: 1790. urtean gaude, hor nonbait. Examinatu-ren ordez hitz jatorragorik bilatu behar kristauek ariman duten egitekoa adierazteko. Baratzean dago, pentsakor; inguruan oiloak, noiz karakaz eta zalapartaka, noiz azterka. Eureka!

Mogeli gutxi aitortu bazaio, oiloei batere ez. Bai, jaun-andreok. Oiloek aztertzen zuten inork baino lehenago. Eurak aztarrika dabiltza, hazkabozka edo atzamarka, eta urdeak induska. Hankekin ala muturrarekin, zerekin ikertzen dugu guk?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.