Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ezintasunak I

2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Liv Strömquist-en azkena irakurtzen hasi naiz. Den rödaste rosen slår ut/No siento nada (Ez dut deus ere sentitzen). Komiki-saiakerak egiten ditu, ironia izugarriz; zelanbaiteko komiki saiakera feministak dira. Aurreko biak ere irakurri ditut, eta bikainak.Hirugarren hau ere biziki gomendatzen dizut. Leonardo Di Capriok amodioa sentitzeko duen ezintasunetik abiaturik azaltzen digu zergatik dagoeneko ez garen lehen bezala maitemintzen, zergatik gizonezkoek bikotekidea aurkitzeko aukera zabalagoa duten. Zergatik egungo maitasun harreman batean norbera den garrantzitsuagoa bestea baino. Narzisismo lar ei dugu. Bikaina da Strömquist atzamarra zaurian sakon sartzeko; barre egiteko ere bai.

Desorduetan nenbilen terraza batean, liburua gozatzen. Deskonektaturik nengoen, baina alboko bikoteko gizonezkoak esaldi deigarria esan zuen: ezkondua eta aspertua nago; denok bezala. Bien arteko solasari eman nizkion belarriak. Emakumeak galdetu zion aspertua bazegoen ia zergatik ez zen banatzen. Zertarako?, erantzun zuen berak. Emazteak senarraren affaire-z zerbait ba ote zekien galdegin zion orduan emakumeak. Ez, ez diot minik eman nahi. Maite dut. Eta une horretan beste ezer esan barik, emakumea mahaitik altxatu eta joan egin zen. Gizonaren aurpegia ikustekoa zen. Aurrean nituen hiru emakumeok eta laurok elkarri begira geratu ginen, eta irribarre egin genuen. Batzuetan begiradek hitzek esan ezin dutena diote. Emakumea urruntzen ikusi genuen eta gizonaren aztoramendua aulkian. Handik gutxira joan zen gizona. Hura ere urruntzen ikusi genuen. Jazotakoa hizpide bilakatu zen terrazan, eta alboko mahaietako bateren batek emakumearena esajeratua izan zela esan zuen. Nik irakurketari eman nion ostera, eta akorduan dut barre egin nuela ozen Strömquistek idatzitako zerbaitekin. Norbaitek euskaratuko al ditu bere komikiak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.