Blanca Urgell
LARREPETIT

OSI Araba

2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ez esan izen polita ez denik. Zati baterako gelditu zait buruan, egunero hamaika aldiz irakurrita igogailuan gora eta behera. Txagorritxuko larrialdietan hasi ginen duela zortzi egun, eta Santiago ospitalean bukatu. Happy xamarra den end batez bukatu ere, gaitzerdi.

Horra hor ustez ustekabean ni kazetari inkrustatu bihurtuta Osakidetzan. (Ixo, ez ni salatu). Korridoreko hotsak, inoiz algara bihurtzerainokoak: hauxe gure kritikatxo bakarra. Gainerakoan, zelariak, terapeuta okupazionalak, fisioterapeutak, erresonantziakoak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak, administrariak, guztiak ere lagungarri, atsegin, abegikor, gertuko eta eraginkor sentitu ditugu. Jatekoa ere goxoa, sukaldari jaun-andreok («gatz gutxikoa» eranstea espero duzue denok, ezta?). Medikuak falta ditudala esan dit senideak. Ados: medikuak ere bai.

Denbora pasa zertan ariko,eta gaixo-ren etimologia ikastea eman dit gogoak. Mitxelenak uste zuen gaizto > gaizo > gaixo gertatu zela. EHHE-koek, ordea, haitz-eraino eraman dute gaia. Goazen gu haitz-etik behera. Haitz zaharra gaitz bihurtu zatekeen testuinguru batzuetan (hau, hori, huragau, gori, gura bihurtu ziren antzera) eta gaitz forma berriak 'oso handia' esanahi zaharra atxiki zuenean, haitz forma zaharra 'arroka' adiera berezituagora mugatu zen.

Honela izaten da munduko hizkuntzetan (Kury?owicz-en 4. legea litzateke). Ondotik gaitz 'txarra' adierara igaro zatekeen (beste norabidekoak bakarrik datozkit burura, baina: izugarri 'beldurgarria' > 'oso X', itzal/itzel, eskerga, alimale...). Adiera horiek ezagutzen zuek? Nik 'zaila' bakarrik entzuten dut (entzun ere, egiatan gatxa). Edonola, gaitz 'txarra' izenondo hartatik datorke gaixo, zehazki *gaiz forma zaharragotik (*gaiz-o omen).

Etimologia-korapiloen gainetik, baina, gora osasun publiko unibertsala, eta bejon deiela egunotan ezagutu ditugun arabar eta arrasatear gaixoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.