Blanca Urgell
LARREPETIT

Zaharrago ikasgurago

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Halako batean, ez bat ez bi, iristen da zaharra sentitzen zareneko eguna. Ez «señora» esan zizuten lehen aldian bezala, ez «gazte horiek» esateko moduan, ezta belaunek edo begiek ondo erantzuten ez dizutenean bezala ere, baizik eta barru-barrutik. Norbaiti txiolandian irakurri diodanez, zeure zaharkitze programatuaren berri zehatzaren jakitun.

Gau Beltza delakoaren inguruan heldu zaizu, baina ez dabereziki horregatik izan. Gertakariak pilatzen direlako-edo, urteak egunak bailiran badoazelako-edo, bat-batean heldu zaizu. Consolatio philologiae-ra jo behar. Eta, bada, zer da zaharra izatea, etimologikoki hitz eginik?

Ingelesez old eta alemanez alt aitzingermanikoko *aldaz 'hazia, heldua' partizipiotik omen. Latinez bi hitz zeuden, vetus eta senex, nondik gaztelaniaz vetusto, senectud eta frantsesez vétuste, sénescence datozen, besteak beste. Senex 'zaharra' adierako indoeuroperazko erro batetik omen dator. Bera da latinezko zahar zaharra, beraz; vetus 'urtea' adieratik 'zaharra'-ra aldatu zen beste batetik, ostera.

Euskaraz, bazter ditzagun lehenik zar, xar eta txar aldaerak, jatorritik askatu eta adiera gaitzesgarria hartu dutenak. Lergako Ummesahar Erroma garaiko pertsona-izenaren esangura asmatzen gaitza bada ere ('ume nagusia' ez ote?), begi-bistan dago ez dela txarra. Bada, EHHE-koak zuzen baleude, are positiboagoa litzateke etimologiaren araberakoa: *zah-ar zatituz gero, hasieran *zan geneukake, hala zain 'erroa' (*zan-i) nola izan aditza sortu zituzkeena. Honi (k)or atzizkia gehituta, *zahor > zahar gertatu zela egin genezake, asimilazioz, hazkor > azkar bezalaxe.

Zaharra 'zain-korra' litzateke, hortaz, 'zainak botatzeko joera duena'-edo. HerenegungoBERRIAn Elena Urizek zioenez, «proiektuak dituzun bitartean bizia eta gaztea zara». Aspaldiko Refranes y Sentencias-ek ez zuen okerrago definitu: «Zaharrago ikasgurago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.