Blanca Urgell
LARREPETIT

More light, more light!

2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ezinbestean, «proteina» hitzak xerra edo azpizuna dakarzkit gogora, patata frijituekin hobeto, edo piper-saltsarekin. Gogora bakarrik azkenotan, baina, egun berezietan izan ezik. «Landare-proteinak» terminoa geroago ikasi nuen, eta zer esanik ez «proteina-irabiakiak».

Norbaitek esan dit proteinak ezin direla ikusi. Hara! Jakin-min honetatik gauza pare bat atera ditut probetxuzko eta (ustez) argi. Bata da «proteina» hitz hibridoa dela, grezieratik eta latinetik sorturikoa, noiz eta Oliver Twist argitaratu zen urtean (1838). Lehen osagaia ardo markatik dugu ezagunago agian, baina protagonista edo protocolo hitzetan ere antzematen da protos 'lehenengoa' dela, zehatzago proteios 'oinarrizkoa' eratorriaren prote- zatia. Amaierako -ina era askotako produktu kimikoetan dugu, bai adrenalina-n edo Juan Luis Guerraren bilirrubina-n, bai aspirina edo dormidina izen komertzialetan ere, kasu.

Bigarrena da proteinak are mikroskopio optikoarekin ere ikusezinak izanik, beste bide batzuk asmatzen dabiltzala adituak, artean fluoreszentzia. Berez fluoreszenteak diren proteinak ere badira: kristalezko medusak (Aequorea victoria) emititzen duen berdearen eragilea aurkitu zen aurrena (1955), eta beste koloretan, esate baterako, arrezifetako anthozoa direlakoetan (polipo itxura duten anemonak, koralak, eta abar) zianetik gorriraino joaten dira. Laborategian ere sortzen dira proteina fluoreszenteak. Artikulu batean irakurri dut zeluletan honelako bat sartzea lortuz gero, zelularen barruan gertatzen direnak argitzen dituela «linternak bezalaxe».

Zoritxarrez, proteina fluoreszenteak baino zeozer indartsuago beharko dugu Espainiako goiendeetan pilatuz doazen susmoak argitzeko (atzo Odon Elorzari gertatutakoa ez baita makala), baina etsia hartzen noa Mr. X eta M. Rajoy argitu gabe egingo ditudala enekilakoak. Eta, jakina, AHT-z Gasteiztik inora joan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.