Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Beste behin

2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Beste behin elkarretaratzeak izan dira udaletxeen aurrean eta herrietako plazetan. Beste hainbatetan egin den bezala, krimena arbuiatzeko adierazpen instituzionalak adostu eta plazaratu dituzte erakundeek, eta kolektiboek gaitzespena, sumina eta atsekabea erakusteko deia zabaldu dute. Ohi moduan, biktimaren eta hiltzailearen profilak ezagutuko ditugu —«bikote normala ematen zuen, ez genukeen sekula susmatuko»— hedabideetan, eta atxiloketaren nondik norakoak jasoko ditugu. Horrela gertatu zen aurrekoetan eta seguruenik hurrengoetan ere horrelaxe izanen da.

Gizarteak, oro har, hilketa matxistarik onartzen ez duen arren, ematen du aldi berean barneratua duela ez dela sekula amaituko emakumeen aurkako indarkeria. Mendez mende legitimatu egin dira emakumeek berez emakume izateagatik jasotzen dituzten erasoak, fisikoak zein bestelakoak —esaterako, 1983ra arte, Espainiako zigor kodeak ezkontza harremana inguruabar aringarritzat hartzen zuen senarrak emazteari tratu txarrak ematen zizkionean—. Aurrera egin dugu eta krimenak gaitzesten dira, jakina, baina oraindik azken gertaerara iritsi arteko bidea arretagunetik kanpo geratzen da askotan, erasoa hiltzailearen bat-bateko haserrealdiaren emaitza izan balitz bezala. Tamalez, ahaztu egiten da matxismoa sendo erroturik dagoela gizartean eta maiz, hilketen arteko tarteetan, argiago edo ezkutuago feminismoaren mezua gutxiesten da eta ematen da jakitera gizonaren nagusikeriaren aurkako ekinbidea talde feministen obsesioa besterik ez dela. Ez, bada: gizarte osoa kaltetzen duen gaitza da matxismoa eta, horrenbestez, giza-eragile guzien ardura izan behar luke horren kontra jarduteak.

Zaila da fatalismoari ihes egiten; baina, noizbait gaitzespena, sumina eta atsekabea berriro erakutsi beharko dugula jakin arren, ezinezko dugu amore ematea beste behin ez gertatzeko ahaleginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.