Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Eta zuk, zer duzu hozkailuan?

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Behin ezagun bati esan nion telebistarako saio bat nuela buruan: Eta zuk, zer duzu hozkailuan?. Ezagunak esan zidan ez zuela arrakastarik izango, inori ez zaiolako inporta zer duzun hozkailuan. Luze azaldu nion hozkailu batek gauza asko esaten dituela: jabeaz, bizi den herriaz eta testuinguruaz ere; eta solasaldi on baterako zaborrontzi bat ere interesgarria izan zitekeela. Baina ez zuen ikusten.

Nik, berriz, ikusten ditudan telesail eta filmetan beti izaten dut gogoan hozkailua. Sukaldera hurbiltzen direnean, noiz zabalduko zain egoten naiz. Oparotasuna adierazteko beteta egoten dira, gainezka, zenbaitetan. Fikziozko aberatsek beteta dute beti hozkailua, gutxitan jaten badute ere. Hozkailu huts edo erdi hutsik dagoena, ostera, beti azaltzen da bakarrik eta bakartuta bizi den pertsona irudikatzeko; edota gizartearen bazterretan bizi dena islatzeko. Normalizazioak, lerro zuzenak, hozkailu betea eskatzen dute. Pelikulak etxean harrapatzen nauenean gelditu egiten dut irudia hozkailu barrua arakatzeko. Hauek beti dute osasuntsua den guztia, elikadura perfektua. Ortuariak, esne eta zuku artifizial asko, okela, arraina (gutxitan), poto asko... Bizitza zinematografikoa beti ahalegintzen da perfekziora ailegatzen, perfekzio hori erabat irreala bada ere.

Lagun edo ezagunen etxeetara noanean ere hozkailuak ikusteko gogoa izaten dut. Euren hitzek baino gehiago esaten didate sekula lorik egiten ez duten makina horiek. Inoiz ez diet aitortu nire mania hau. Ez dakit zelan adierazi samurtasuna eta lasaitasuna ematen didatela bere barruek. Akorduan dut lagun baten hozkailua egun batetik bestera aldatu zela. Beterik egotetik hutsik egotera pasatu zen. Ni arduratuta nengoen, ingurukoek ondo zegoela esaten zuten, baina nik banekien hozkailu betearena izan zela bolada ona eta zerbait pasatzen ari zela. Hozkailuek guk nahi baino gehiago hitz egiten digute, gure neurria zein den esateraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.